Edurne Elkoro: "Azken hiru hilabeteotan genituen final guztiak"

Eneko Azurmendi 2020ko eka. 5a, 13:24

Martxoa, apirila eta maiatza oso okupatuak izan ohi dira Arrasate Dragoi Gimnasia Taldearentzat. Aurten, ordea, erabat desberdinak izan dira hilabeteok gimnastentzat.

Gimnasta arrasatearrek irailean hasi zuten denboraldia, ohi moduan, eta urtarrilera bitartean prestaketa fisikoa landu zuten. Gero, arlo "teknikoagoarekin" hasi ziren, taldekako eta bakarkako dantzekin, aerobikoan zein erritmikoan. Denboraldia hasi eta gutxira, ordea, koronabirusak mundua gelditu zuen.

Ze momentutan zeundeten orduan?

Denboraldiko zatirik politenean harrapatu gintuen. Otsail hasieran denboraldia hasita geunden, eta martxoan bigarren fase guztiak eta finalak genituen, bai aerobikoan eta baita erritmikoan ere. Denboraldi bukaera planifikatuta geneukan, entrenamendu "gogorragoekin", eta prestaketa lan horietan geundela etorri zen koronabirusa. Aerobikoaren kasuan, Frantzian harrapatu gintuen, Aix Les Bains hiriko Aquae Open Cup nazioarteko txapelketan, martxoaren 13ko asteburu hartan bertan.

"Martxoaren 13ko asteburuan taldea Frantzian zegoen, nazioarteko txapelketa batean"

Eta egin zuten txapelketa hori?

Gu aste horretako eguenean irten ginen harantz, eta orduan esan zuten eskolak itxi behar zituztela. Hala ere, Frantzian oraindik ez zen ezer entzuten, eta antolakuntzakoek esan ziguten guztia aurrera zihoala. Beraz, ni ez, baina talde osoa hara joan zen, eta, behin han zeudela, zapatuan, bertan behera utzi zuten txapelketa.

Asteburu aldrebesa, beraz.

Bai; nazioarteko txapelketa zenez, eguenean hasi zituzten entrenamendu ofizialak, materiala probatzeko. Aste berean, mundu osotik zetozen talde batzuek esan zuten ez zirela joango, eta geroz eta talde gutxiago geratzen ziren parte hartzeko. Hala ere, guri baietz esan zigutenez, aurrera egin genuen, baina, azkenean, bertan behera geratu zen.

Pena handia hartuko zenuten, ezta?

Bai. Oso gogor entrenatzen aritu ginen txapelketa horretara begira. Izan ere, gimnastentzat oso aukera polita zen nazioartean eta nazioarteko gimnastekin lehiatzeko. Haientzat ere kolpe gogorra izan zen. Horren ostean, gainera, Euskadiko Txapelketa, Espainiako Txapelketa eta beste hainbat genituen.

Izan ere, martxoa, apirila eta maiatza beteta eduki ohi dituzue.

Hala da. Hiru hilabete horietan genituen final guztiak, baina denbora gutxian bertan behera geratu ziren, bai entrenamenduak, eta baita txapelketak ere.

Txapelketaren bat egiteko aukerarik badaukazue oraindik?

Eskolartekoetan, guztia bertan behera geratu da. Espainiako Aerobikoko Txapelketa maiatzean egitekoak ziren, eta Espainia Federazioa aztertzen ari da urrian edo azaroan egitea posible izango litzatekeen. Baina oraindik ezin gara entrenatu, eta ez dakigu irailetik aurrera nola egongo diren gauzak. Inork ez digu ezer ziurtatzen; beraz, ez dakigu zer egingo dugun.

"Pena handia eman digu gurasoek hain gustuko dituzten erakustaldiak bertan behera utzi behar izanak"

Arrasaten ere egiten duzue erakustaldi pare bat garai hauetan...

Horiek ere bertan behera utzi behar izan ditugu, datorren urtera arte, gutxienez. Gure kirolean kontaktu asko dago, bai gimnasten artean, eta baita materialarekiko ere, elkarbanatu egiten dutelako; beraz, ezin izan dugu ezer egin. Pena ematen digu, San Isidro jaietan txikiekin erakustaldi bat egin ohi dugulako, eta ekaineko kurtso bukaerako erakustaldia ere asko gustatzen zaie gurasoei. Baina aurten ez da posible izango, eta datorren urtean ere, auskalo!

Gimnastek nola eraman dute konfinamendua? Hainbat talde online entrenatu dira hilabete hauetan.

Hasiera batean, pentsatu genuen ez zela oso luze joango, eta bideo batzuk bidaltzen genizkien gimnastei, etxean edozein momentutan egin ahal izateko. Batez ere, malgutasuna lantzeko ariketak izan dira, oso garrantzitsua delako gure kirolean. Materialekin lan egitea zailagoa da etxean; beraz, mantentze-lan batzuk egin zitzaten gura genuen. Bideo desberdinak bidaltzen joan gara, apurka-apurka.

Bideo horiek berritzen joan zarete?

Hori da. Konturatu gara hau luzerako doala eta datorren ikasturtera arte ezingo dutela ganorazko ezer egin. Beraz, noizean behin ariketak egiten badituzte, ondo, baina presio barik, ez dagoelako txapelketarik. Hasieran, oso gogotsu zeuden, data hauetan lehiatzeko aukera egongo zela pentsatuz, baina dagoeneko ekainean gaude, eta, txapelketarik egon ezean, motibazioa galdu egin dute, normala den moduan. Noizean behin, argazkiak edo bideoak bidaltzen dizkigute bueltan. Helburua da orain arte landutakoa ez galtzea.

"Txapelketarik egon ezean, motibazioa galdu egin dute gimnastek"

Denboraldia bukatutzat eman duzue?

Bai. Datorren denboraldira begira jarrita gaude, ahal dugun heinean, prestatzen eta alternatiba ezberdinak pentsatzen, entrenatzeko orduan talde murriztuagoak, eta abar. Baina oraindik ezer ez dakigunez, ezin dugu erabaki zehatzik hartu.

Gimnasta batzuentzat azken denboraldia izango zen hau. Pena da.

Pena handia. Gazte mailako hiru bat talderentzat azken denboraldia zen hau, 15 gimnasta ingururentzat. Adin horretara iristen direnean, normalean, utzi egiten dute, ikasketak direla eta. Batzuek dagoeneko uztea erabaki dute, pena handiz, eta beste batzuek zalantzak dituzte oraindik. Agian, irailean sorpresaren bat edukiko dugu.

Datorren denboraldia irailean hasiko duzue?

Hasiera batean, bai, baina ez dakigu. Entrenatzaileok bideo-deiak egiten ari gara antolatzeko eta taldeak osatzen joateko. Baina, finean, 150 gimnasta ditugu, hiru talde desberdinetan banatuta, eta, kopuru handiak direnez, ez dakigu utziko diguten elkarrekin entrenatzen.

Zuek, bost entrenatzaileok, jarraitzeko asmoa duzue?

Beharko. Taldean sartzeko itxarote-zerrendak ditugu, eta, gazte mailako batzuek utzi arren, gimnasta berriak sartuko zaizkigu taldean. Beraz, jarraitu egin beharko dugu, oraingoz.

"Oso urruti ikusten dut txapelketan itzulera"

Txapelketak noiz itzuliko dira?

Oso urruti ikusten dut hori. Azken txapelketan, esaterako, 200 gimnasta inguru elkartuko ginen, gurasoak kontatu barik. Jende asko da. Pazientziaz hartu beharko dugu, luzerako doa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak