Udaleku itxiak zein irekiak bertan behera utzi ditu Txatxilipurdik

Eneko Azurmendi 2020ko mai. 25a, 18:26

Elkarteak publikatu duen oharrak dioenez, gaur-gaurkoz ez dute udaleku horiek gauzatzeko bermerik, nahiz eta "kontziente" izan horrek ekar ditzakeen ondorioez". Era berean, diote jakitun direla aurten "inoiz baino behar handiagoa" dagoela udaldian aisialdi hezitzaile batez
gozatzeko, "konfinamenduak gogor kolpatu baititu haurrak, nerabeak eta euskara bera ere".

Azaldu dutenez, Txatxilipurdi elkartean, hilabete eta erdi daramatzate aurtengo udaldia dela eta udalekuak birsortu nahian, "osasun agintariek diotenari adi eta familien kezkak eta galderak erantzuten". Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere harremanetan izan direla diote, Oinherrin gaia landu dutela eta Euskal Herriko aisialdi talde ezberdinekin ere saretu direla, "sektore honetan lan egiten dugunon artean, bizi izan dugun desinformazioari eta ziurgabetasun egoerari aurre egiteko". Hala ere, ez da nahikoa izan, eta bertan behera utzi behar izan dituzte udalekuak.

"Inoiz baino behar handiagoa dago udaldian aisialdi hezitzaile batez gozatzeko, konfinamenduak gogor kolpatu baititu haurrak, nerabeak eta euskara bera ere. Asko eta asko akonpainamendu beharrean egongo dira (emozionalki, afektiboki, sozialki) eta beraien berdinkideekin, helduen begiradatik aldenduta, bizipenak bizitzeko egarriz egongo dira. Eta ez ditugu ahaztu nahi ere guraso edo tutore legalak, kontziliazio familiar-laborala egiteko behar handia izango duten horiek", dio Txatxilipurdiren oharrak.

Udalari lankidetzarako prestutasuna adierazi diete

Egoeraz jabetuta, Txatxilipurdi elkarteak Arrasateko udalari honen berri eman dio eta baita lankidetzarako prestutasuna azaldu, "elkarteak berak honen ardura zentrala hartu barik", ardura hori kolektibizatu eta aurtengo udaldira egokitutako aisialdi eskaintza publiko bat elkarlanean diseinatzeko. "Txatxilipurdik horretarako aukerak ikusten ditu. Urte osoan zehar elkarlanean kudeatzen diren ludoteka eta gaztetxoko zerbitzuak indartuz herri mailan sor daitezkeen beharrak asetzeko saiakera egin baitaiteke. Era berean, Txatxilipurdik, Arrasateko hezkuntza komunitateari eta familiei ere eskua luzatzen die egoera honetan lan saretu bat egiteko".

Esker mezuak familiei

Amaitzeko, Txatxilipurdik eskerrak eman nahi izan die orain arte aurtengo udalekuetan sinetsi duten familia guztiei, eta jakinarazi die "ezinezko" egin zaiola elkarteari erabaki hau "lehenago" hartzea, "azken unera arte udalekuak gauzatzeko borrokan ibili baita".

"Denok batera, elkarlanean, egoera honi aurre egin diezaiokegu. Ia ba uztailean Arrasateko kale eta berdeguneetan elkar ikusten dugun. Besarkada bero bana!", dio oharrak, amaieran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak