Minbiziaren, arnasaren gaixotasun infekziodunen, eta beste farmakodun tratamenduen diagnosirako teknologia mikrofluidikoetan erreferente da Microliquid enpresa bioteknologikoa. COVID-19aren diagnostiko azkarra errazteko sistema eramangarri bat garatzen ari da Biozientziak Gipuzkoa fundazioak bultzatutako deialdiaren barruan. Gailu hori euskal osasun sistema publikoaren, Osakidetzaren ospitale eta osasun-etxe sarean balioztatuko da, eta hamabost minututan emango ditu emaitzak, PCR –Polymerase chain reaction– teknikan oinarrituta, gaur egungo sistema gehienen epea, –bost ordukoa–, nabarmen murriztuz.
Erabili eta botatzeko gailua
Fundaziokoen esanetan, "emaitzak modu azkar eta eraginkorrean lortuta, modu estrategikoan erraztuko da kutsaduren identifikazio azkarra, eta kutsatuen balizko isolamendua egoera desberdinetan, itxarote denboran dagoen murrizketari esker". Diagnostikoa azkar, ia momentuan, eta edozein lekutan, eramangarritasunari esker, konfirmatu ahal izatea da teknologia mota berri hauen abantaila nagusia. Enpresak beharrezko hornidura teknikoa eta azpiegiturak dauzka gailua ISO 13485 zertifikazioarekin ekoizteko. Produktu biosanitarioak ekoizteko beharrezkoa da zertifikazio hori, eta munduan gaitasuna duten bakarretakoa da Arrasateko enpresa. Erabili eta botatzeko gailua da eta aurreikuspenen arabera, zazpi hilabetetan prest egongo da Euskadiko osasun zentroetan eta ospitaletan erabiltzen hasteko.
Beste hiru proiektu
COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondoriozko larrialdi egoerari erantzuteko Gipuzkoako biozientziei lotutako ekosistemaren potentziala maximizatzea dauka helburu Gipuzkoako Biozientziak fundazioak bideratu duen ezohiko deialdiak, guztira 455.000 euro. Egubakoitzean aurkeztu zuten Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak eta Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendari nagusiak.
26 proiektu aurkeztu zituzten hainbat enpresek, start-upek, elkarlaneko ikerketa zentrok eta zentro teknologikok eta horietatik lau proiektu aukeratu zituzten deitzaileek: Microliquid enpresarena gainera, Somaprores enpresarena, Donostia International Physics Center-ena eta Naru Intelligence-rena. k (150.000 euroko laguntza jasoko du ), Donostia International Physics Center-ena (85.000 euro) eta Naru Intelligence-rena (70.000 euro).
Corona-Test izeneko alboko fluxudun tira froga bat da, haurdunaldi froga ezagunaren antzekoa, Somaprores-ek garatuko duena, eta horretarako 150.000 euroko laguntza jasoko du. DIPC-ren (Donostia International Physics Center)- Detente proiektuak hautemate birikorako sentsore berrien plataforma bat garatzea proposatzen du, eta 85.000 euro jasoko ditu hori egiteko; eta Naru Intelligence enpresak proposatzen duen StepCare, Inteligentzia Artifizialeko software gailu mediku bat da, baieztatutako pazienteen eta etxean sintoma arinak dituzten COVID-19 paziente posibleen monitorizazioa optimizatzeko.