"Lehen unetik armarri soziala eraiki nahi izan du Udalak, beste erakundeek jaulki dituzten laguntzen osagarritasuna bilatuz. Gizarte Zerbitzuen sailaren bidez, egoera larrienei erantzuna eman nahi izan die gutxieneko babesa bermatze aldera" azaldu dute Gobernutik ohar bidez.
Gaur egun 93 familia unitatek jasotzen dute laguntza. Azaldu dutenez kopuruak gora egin ahala, lan logistikoak zailduz joan dira. "Kopuruak gora egin du denbora gutxian. Horrek Gurutze Gorria eta Udalak hasiera batean adostutako metodologia zaildu du: laguntza ekonomiko horren onuradun kopuruak gora egin duen neurrian, logistika zaildu da, eta bestalde ikusi da laguntza behar duten familia unitate asko autonomoak direla erosketak
eurek egin ahal izateko eta erosketa saskia erabakitzeko euren familia unitatearen beharretara egokituta".
Hauek dira familia-unitateko ezarritako laguntzen zenbatekoa:
- Kide bateko familia unitatea: 50 €/asteko
- Bi kideko familia unitatea: 75 €/asteko
- Hiru kideko familia unitatea: 100 €/asteko
- Bost kideko familia unitatea: 150 €/asteko
- Bost kideko familia unitatea: 200 €/asteko
Hala funtzionatuko du txartel bidezko sistemak: "Gizarte Zerbitzuek jarraituko dute eskaria jasotzen eta onartzen. Onuradun bakoitzari txartela egin eta Udalak izendatutako zenbatekoarekin Arrasateko Eroskiren bi dendatan erosketak egin ahal izango ditu familia unitate bakoitzak. Astero aginduko dira errekargak, erabileraren arabera eta aurrez onartu ziren muga ekonomikoen barruan. Ezintasunen bat duten herritarrei, zeinak ezin duten saltokira bertaratu, Udalak orain arteko zerbitzu bera eskaintzen jarraituko du Gurutze Gorriaren bitartez".
Apirileko osoko bilkuran EH Bilduk laguntza mota hau kritikatu zuen, herriko merkatariak "alde batera" uzten zituela iritzita. "Tokiko merkataritzaren alde zaudetela diozue, baina laguntza hau soilik Eroski supermerkatura mugatzen duzue" adierazi zuen Maider Morrasek.
Gobernutik adierazi zuten gaia aztertuko zutela, eta gaur igorritako oharrean bi arrazoi aipatzen dira, laguntza hau herriko merkatarien bitartez ez egiteko. "Udalak, kontuan izanda herriko merkataritzak bizi duen egoera, aztertu du saltoki txikiekin burutzea ekimen hau. Hala ere, alde batetik familia kopuru onuradun handiak eta bestetik, erosketa saski bakoitzaren produktu mota ezberdinak eta hauek erosketa bakar batean eskuratzeko zailtasunak medio, egokiagoa ikusi da beste batzuk izatea herriko merkataritzaren sustapen bide". Horien artean, honakoak aipatu dituzte: "laguntza bonoak, kultur ekintzen dinamizaziorako errekurtsoak, tokiko merkataritzaren aldeko kanpaina, merkataritzaren sustapenerako laguntzak eta uraren, zaborren eta bide okupazioaren tasen seihileko bonifikazioa.
Etxez-etxeko laguntza
Konfinamendua hasterakoan, bakandurik dauden pertsonei etxez etxeko laguntza eskaintzeko eta arrisku taldeetan dauden pertsonei jarraipen telefonikoa egiteko zerbitzua aktibatu zuten Udalak eta Gurutze Gorriak. Oharrean laguntza horri buruzko datu hauek eman dituzte: "Guztira 100 boluntario inguru mobilizatu dira eta 34 pertsona artatu dira; batez ere, erosketak, medikamentuak eramateko eta pertsona nagusiei arreta emateko. Beste alde batetik, 80 urtetik gorako herritarrei deitu die Udalak, banan-banan, laguntza eskaintzeko, erosketak egiteko, jarraipen telefonikoa, ..."