Ikasleek gurasoekin, lehengusuekin edota aitona-amonekin eskaini ohi izan dute kontzertua, eta egoera benetan politak ikusi izan ditugu orain arte. Aurten, ordea, planteamendua aldatu behar izan dugu, COVID-19a dela eta. Martxoan konfinamendua hasi genuen momentutik jendeak bazituen ideia batzuk, eta hala egingo dugu. Ideia nagusia mantendu gura izan dugu, nahiz eta ezingo dugun guztiz bete", adierazi du Edorta Aiastuik, Arrasate Musikaleko ekintza arduradunak.
Modu horretan, bakoitzak bere etxean grabatuko du pieza musikal bat, eta ondoren batu egingo dituzte guztiak.
Bideo formatuan izango denez, Aiastuik azpimarratu du "pieza arinak" izan daitezen eskatzen ari direla, denborari dagokionez eta musikari dagokionez. "Bideoa arina izatea komeni da, pantaila baten aurrean ikusi behar dela kontuan izanda. Pieza laburrak eskatzen ari gara, bi minutuz azpikoak".
Jo beharreko pieza "erabat librea" izango da, bakoitzak etxean daukan instrumentua eta jotzen duena kontuan hartuta. "Egia da familia bereko instrumentuek soinu hobea dutela, baina tronpeta bat eta biolin bat ere uztartu daitezke lasai asko, nahi izanez gero".
Edozelan ere, formatu honek baditu bere mugak. Emanaldi asko, berez, lehengusuek edota izeba-osabek elkarrekin egin beharrekoak ziren, eta horiek ezingo dituzte egin, "ez baitira batera bizi". Beraz, "bideo bakoitza etxean elkarrekin bizi diren senideekin bakarrik grabatu ahalko dute ikasleek".
Lotsak gainditzeko deia
Ekintza arduradunak azaldu duenez, adin bateko ikasleek ez dute gura izaten gurasoekin jo, lotsagatik. "Gurasoek ilusio gehiago izaten dute seme-alabek baino. Hala ere, guztiak animatu gurako nituzke, gauza oso politak egiten direlako. Behin, familia bateko hiru belaunaldi elkartu ziren kontzertu batean, aitona, ama eta bi bilobak, hunkigarria izan zen".
Maiatzaren 20ra arteko epea
Orain, bideo-dei bidez ari dira klaseak ematen, eta ilusio gutxirekin zeuden ikasle asko "suspertu" egin dira berriro. Hala, suspertu diren horiek maiatzaren 20ra arteko epea dute bideoa bidaltzeko. Gero, esan moduan, bideo horiek guztiak bideo bakarrean batuko dituzte eta GOIENAko euskarri ezberdinetan egongo da ikus-entzuteko aukera, Goiena.eus webgunean eta Goiena telebistan, esaterako.