Elikagai Bankuak zapatuan berreskuratuko du jarduna Arrasaten

Eneko Azurmendi 2020ko mai. 7a, 15:43

Orain arte ezin izan du bere laguntza eskaini, koronabirusaren krisia dela eta, baina Arrasaten, zapatuan, berreskuratuko du bere jarduna Elikagai Bankuak. Arreta jasotzen dutenen zerrendan, momentu hauetan, 525 heldu eta 4 urtetik beherako 70 haur daude.

Zapatuko irekierari dagokionez, beharrezkoak diren osasun neurriak kontuan izango dituzte. Horretarako, ezinbesteko materiala eskuragarri izango dute boluntario guztiek: maskarak, eskularruak, gel hidro-alkoholikoa, pantailak eta abar. Gainera, segurtasuna bermatzeko udaltzaingoaren laguntza ere izango dute.

Gipuzkoako Elikagaien Bankutik "kezkaz" ikusten dute jasotzen ari diren elikagai-eskarien gorakada. Bestalde, urtero egiten duten Udaberriko Kanpaina diru bilketa orokorra ezin izango dute egin seguruenik. Hori hala. Arrasateko Elikagai Bankuaren zerbitzua "ahalik eta azkarren" martxan jartzeko ahalegina egin dute, Udalaren esanetan.

Elikagaien Bankua Caritasek eta Harremanek kudeatzen dute. Alde batetik, Caritasek onuradun zerrendak egin eta irizpideak markatzen ditu. Harremanek, bestetik, logistika eta antolaketa lanak burutzen ditu. Horrez gain, Bergarako elikagaien bankura eskaera egiten du, deskarga lanak burutu eta familia bakoitzarentzako loteak prestatzen ditu. Banaketa entitate sozial desberdinetan parte hartzen duten boluntarioen laguntzarekin egiten dute ondoren.

Hala ere, elikagaien banaketa egiteko 65 urtetik gorako pertsonak izan ohi dira laguntzen dutenak, eta horiek arrisku-taldearen barruan daudenez, Udalak boluntario moduan zerbitzu honetan parte hartzeko eskaera egin dio Zaintza Sareari. Hauek onartu egin dute eta lanean hasi dira. Hori dela eta, Arrasateko Udalak esker ona adierazi  die.

Banaketa, La Merced ikastetxean

Arrasateko Udalak La Merced ikastetxean Elikagai bankuaren banaketa egiteko alokatua duen lokalean egingo dute zerbitzu hau larunbatean. Onuradunek sms bidez jasoko dute ordua eta eguna, zalantzarik izan ez dezaten. Segurtasun eta osasun neurriak "oso garrantzitsuak" dira, beraz, "dena prest egongo da arriskurik ez izateko". Beharrezko materiala eskuragarri edukiko dute boluntario guztiek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak