"Komertzio txiki hauek bi hilabetez itxita egon dira, diru-sarrerarik gabe, horrek dakarren esfortzu ekonomikoarekin, eta epe motzean berriz zabaltzea ahal eta nahi dutenek inbertsioak burutu beharko dituzte euren establezimenduak egokitzeko", diote. Hori dela eta, Udalak egokitzapen lan horiek diruz laguntzea proposatzen dute, "berriz martxan jartzea lagunduz eta osasun irizpideek zuzentzen dituzten beharrezko materialak lortzeko, prebentzio neurriak bete ahal izateko eta abar".
Eskaera, bigarrenez
Ahal Dugu Arrasatek adierazi duenez, badira ia bi hilabete eskaera egin ziotela gobernu taldeari, merkatari txiki, ostalaritza eta alarma egoeran galerak izan dituzten autonomoei dirulaguntza lerro bat errazteko. "Gure eskaerak ez zuen erantzunik jaso, baina aipatutako sektoreek jasango duten egoera gogorra aurreikusiz, berriro bideratzen diogu udal gobernuari proposamena, datozen hilabeteetan tokiko merkataritzaren errealitate latza kontuan hartu eta bere jarrera berriz pentsatu dezan".
Oposizioko alderdiek gobernu taldearen proposamenen berri prentsaren bidez jasotzen dutela diote . "Ez daukagu beste erremediorik guk ere gure proposamenak prentsaren bidez helaraztea baino".
Komertzio txikiaren alde
"Merkataritza txikia da gure udalerriaren arima bizirik mantentzen duena eta ezinbestekotzat dugu segurtasun guztiarekin lan egin dezaten beharrezko materialak erraztea, bi hilabetez beharturik itxita egon ondoren beste esfortzu ekonomiko bat ezartzeko", bukatu dute.
Batzordean planteatzeko dio Gobernuak
Udal Gobernuak zera erantzun dio Ahal Dugu Arrasateri: "Alderdi politiko guztiei jakinarazi diegu, beti, planteatu nahi dituzten gaiak dagokion batzordean planteatu ditzatela eta bertan tratatuko direla".