"COVID19aren ondorioz gehiago bistaratu diren beharrei modu komunitarioan erantzuteko" jarri zuten martxan Arrasateko Zaintza Sare Herritarra, eta orain beste pauso bat eman du.
Batetik, Caritasek Arrasaten daukan Bidean egitasmoarekin lankidetza abiatu du. Hala, hainbat boluntario bazterkeria egoeran dauden pertsonei babesa eskaintzen ari gara: telefono bidezko laguntza, mintzapraktika saioak eta abar.
Elikagai Bankua berriz martxan jartzeko elkarlanean ere hasi da zaintza sarea, Caritas, Harreman eta Udalarekin. Azken honek, adierazi dutenez, Arrasateko 600 herritar ingururi eskaintzen die zerbitzua eta martxoaren 11tik itxita egon da. "Oraingoa bezalako larrialdi egoera batean lehentasunezkotzat jo dugu ekimen hau berraktibatzea, behar gehien daukaten horiei oinarrizko elikagaiak bermatuz. Nahi genukeena baino gehiago berandutu den arren aste honetan egingo da berriz banaketa, eta sare herritarreko boluntariook orain arte banaketa egiten zuten kideak ordezkatuko ditugu (arrisku taldekoak direlako)", azaldu dute.
Bestalde, Udal Gobernuko ordezkariekin harremana lantzen eta lan koordinatu bat egiteko oinarria jartzen saiatu direla adierazi dute. Halere, diote, "nahi baino motelagoa" dela Udal Gobernuko ordezkariekin duten harremana. "Azken aste honetan, ordea, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako eta Liburutegiko teknikariekin zuzeneko harremana garatzen hasi gara. Gizarte Zerbitzuekin koordinazio bilerak adostu ditugu psikologia zerbitzutik, herritarren beharrak eta laguntza eskaerak aztertu eta horiei lankidetzan erantzun ahal izateko. Liburutegiarekin, arrisku taldeetako herritarrei liburuak etxera eramateko sistema bat martxan jartzea posible ote den aztertzen ari gara".
Askotariko ekintzak egin dituzte orain arte
Arrasateko Zaintza Sare Herritarrak askotariko ekintzak egin ditu ezohiko egoera honetan: herritarrek egindako eskaerei erantzun, erosketak egin, medikamentuak eraman, zaborra atera, etxeko lanen zerbitzua eskaini, arreta psikologikoa, herriko komertzioen aldeko kanpaina edota ikasleei ikasketekin laguntzeko dinamika garatu, besteak beste.
Bukatzeko, gaineratu dute "normaltasun berria" bestelako jendarte eredu batean oinarritu behar dela, "pertsonak, bizitzak eta zaintza erdigunean izango dituena".