Apirilaren 20an jarri zen abian Etxealditik Euskaraldira kanpaina, eta, hausnarketa baten ostean, hilaren 24an hasi ziren eguneko ekintza bat gomendatzen. Arrasaten dagoeneko aurretik ere lanean hasiak ziren. "Kezka sortu zitzaigun ea konfinamendu egoera honetan euskara aparte geratuko ote zen. Mugikorrera iristen zaizkigun bideoak, memeak, eta abar, gehienak erdaraz dira; dendetako kartel asko ere gaztelaniaz daude, ahalik eta herritar gehienengana iristeko asmoz. Horri buelta eman eta gure artean euskaraz egiten jarraitzeko asmoz hasi ginen mugitzen", azaldu du Jokin Etxebarriak, Euskaraldiaren Arrasateko dinamizatzaileak.
Etxean egiteko ekintzak
Kontuan hartuta herritarrak etxean sartuta daudela, etxean egiteko moduko ekintzak dira gomendatu dituztenak, familian, bikotean edo gura den moduan: jolasak, poteoa, bazkaria, esker mezuak, eta abar. "Domekako bazkariak, esaterako, oso ondo funtzionatu zuen, sare sozialetan asko mugitu delako. Iratiko entsalada, Muxibarko lasagna eta Arteagako intxaur-saltsa".
Jolasei dagokienez, Belun eta Olgeta dendek eta Txatxilipurdi elkarteak jolasteko proposamen batzuk kaleratu dituzte sare sozialen bitartez.
Kolorezko puntuak leihoetan
Bestalde, herritarrei eskatu zieten balkoietan edo leihoetan kolorezko puntuak jar zitzaten, identifikagarria izan zedin ekimenarekin bat egiten zutela jakiteko, ahobizi edo belarriprest txapak erabiltzen diren moduan.
Bizipenak partekatzeko deia
"Gaur, eguena, eskatuko duguna da herritarrek aste honetan izandako bizipenak partekatu ditzaten; gehienbat, guk jakiteko zelakoak izan diren bizipen horiek eta hortik ikasi ahal izateko. Horrek lagunduko digu jakiten bide onetik goazen, edo zerbaitetan huts egin dugun", adierazi du Etxebarriak. "Benetan gustatuko litzaiguke bizipen horiek jasotzea gure sare sozialen bidez edo arrasate@euskaraldia.eus helbidearen bitartez".
Bestalde, zapatuan, balkoi festa egingo dute –Eskoriatzan eta Aretxabaletan ere bai–. "Egoera honek erakutsi digu bizilagunekin harremanak izatea posible dela eta balkoitik balkoirako hori, galduta zegoena, berreskuratu dugula". Beraz, AZ Gaubelak, DJ Markel eta DJ Iverrekin elkarlanean, saio bat egingo dute, Etxealditik Euskaraldira kanpainarekin lotuta. Beste behin ere, herritarrak animatu gura izan dituzte parte hartzera.