Andia mendilerrora, amets handi baten bila

Naroa Urien Berrio 2020ko api. 29a, 09:30

Mikel Etxebeste arrasatearra Nafarroako Lezaun herrira bizi izatera joan zen orain dela hemeretzi urte. Gaur egun, hango alkatea da, eta, egoera berezi honetan, herritarrei ahalik eta gehien laguntzea du helburu nagusi.

Mikel Etxebeste arrasatearra Lezaunera, Nafarroako herri txiki batera, bizi izatera joan zen 2001. urtean. Ama Lezaungoa da eta txikitatik asko maite izan ditu animaliak. Beraz, nekazari eskolan ikasi eta gero, amaren herrira joan zen bere ametsa egia bihurtzera: nekazaritzaren munduan murgiltzera. Bertan, udal eta ardi lanak egin ditu tarteka, eta, gaur egun, Lezaungo alkatea da.

Nekazaritzatik alkatetzara

Udaleko alkatea bozketa bidez aukeratzeko garaia heltzear zen eta herritar batek Etxebeste hautagai izatera bultzatu zuen. Talde bat bildu, alkatetzara aurkeztu eta Lezaungo alkate bihurtu zen 2019ko abenduan. Hasi bezain laster, mundua hankaz gora jarri duen krisia etorri zitzaien gainera. Hasi berri eta hainbat zalantza buruan izanda, "azkar ikastea" tokatu zaiola dio Etxebestek. Edozelan ere, pozik agertu da herriak emandako erantzunagatik. "Denak etxean geratzen dira eta momentu honetan ez dugu koronabirus kasurik herrian", dio.

Erosketak, irri baten truke

Lezaunen nagusi asko bizi dira, eta Udaletik zerbait egin behar zutela pentsatu zuen Etxebestek. Herritarrak deitu zituen laguntza eskaintzera, eta, momentu honetan, ostiralero erosketak egiten dizkie hainbat nagusiri. "Asko eskertzen dute; batez ere, urrunetik bada ere norbaitekin hitz egitea asko laguntzen die, eta haientzat garrantzitsua dela ikusita asko pozten naiz". Udalak, gehienbat, basozaintza, abeltzaintzaren kudeaketa, egurraren kudeaketa… eramaten ditu urtean zehar. Baina orain, herritarrei laguntzea da Lezaungo Udalaren eginkizun nagusia.

Koronabirus kasurik ez

Momentu honetan, Lezaunen ez dago koronabirus kasurik. "Hasieran, Txinan zegoenean, jendea lasai samar zebilen, baina, Lizarrako egoitza batean kasuak agertu zirenean, jendeak serioago hartu zuen egoera hau. Gaur egun, oso ondo daramate eta ez dugu kasurik", dio Etxebestek.

Jaioterriaren xarma

Nahiz eta oso gustura egon, Arrasate oso berezia da harentzat: "Arrasatek dituen aukerak faltan igartzen ditut batzuetan: gurasoak, ostiraleko poteoa, errugbia... Beraz, sarritan joaten naiz bisita egitera". Modu berean, Debagoieneko herritar guztiak egoerari buelta eman eta gogotsu jarraitzera bultzatu nahi ditu: "Poliki-poliki, hobetzen joango dira gauzak, eta, udan jende asko dagoen lekuetara ez baduzue joan nahi, etorri Lezaunera bisitan, ongietorriak izango zarete".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak