Krisi mahaia eratzeko da eskari horietan lehena –eta koalizioak gogora dakar hori bera eskatu ziotela martxoaren 13an–: "Hilabete luze eta gogor baten ostean, oraindik garaiz gabiltzalako egoerari herriko hainbat sektore sozial eta ekonomikorekin lankidetzan modu antolatu, koordinatu eta eraginkorrean erantzuteko".
Koordinazioari dagokionez, "Gurutze Gorria, gizarte zerbitzuak eta Zaintza Sare Herritarraren arteko benetako elkarlana" ahalbidetu behar dela dio, adibidez, EH Bilduk, "mahai tekniko formal bat osatuz, informazioa trukatuz eta elkarrekin lan egiteko sistema eraikiz".
Osasun krisiaren ondorioei "egoki aurre egin ahal izateko", baina, "datu zehatzak" izatea "ezinbesteko baldintza" dela diote, eta Udala dela "informazio hori guztia batu" dezakeena: "Bai osasunaren ikuspegitik –zenbat kutsatu dauden, ze egoeratan dauden, Iturbide egoitzako egoiliarrek zer nolako eboluzioa daukaten, egunean zenbat test egiten diren eta zer irizpideren arabera...–, bai ikuspegi sozio-ekonomikotik –zenbat enpresa ari diren lanean eta zenbat dauden itxita, zenbat lagun geratu den lanik gabe edo ERTE egoeran–".
Ekonomiari dagozkionak
Hain justu, arlo ekonomikoan ere hainbat eskari ditu EH Bilduk udal gobernuarendako: dendari, ostalari, nekazari, enpresa txikiei,... dirulaguntza zuzenak ematea, jarduera etenda duten hilabete bakoitzeko 500 euro; komertzio txikia eta azoka sustatzeko kanpaina egitea; Gizarte Larrialdietarako Laguntzak eskuratzeko baldintzak malgutzea eta horiek gehitzea, etxebizitzaren alokairua edo hipoteka eta oinarrizko hornidurak "ordaintzen laguntzeko"; e
Osasun prebentzioari dagokionez, Osalanekin batera, lantoki eta udal zerbitzuetan beharrezko neurriak hartzen ari diren ikuskatzeko eskatzen dio EH Bilduk gobernuari, eta Udalarentzat diharduten zerbitzuetan "segurtasunez aritzeko ekipamenduak zein test azkarrak bermatu ditzala" ere bai; babes neurriak komertzioetarako ere, eta segurtasun bermeak baserritarren azokarako, haien "lana eta esfortzua" bistaratzearekin batera.
Herritarrak "sistematikoki" informatzea; "informazio, aholkularitza eta laguntza" bulego bat irekitzea; dolu laguntza eskaintzea;"haur eta nerabeen ongizatea" bermatzeko neurriak hartzea –haientzako telefono zerbitzu bat, tartean–; etxetik ikasteko baliabideak bermatzea; elikagai bankua martxan jartzea; eta preso dauden arrasatearren etxeratzea eska dezan ere eskatzen dio EH Bilduk Arrasateko udal gobernuari.