Arrasateko Udaltzaingoak 119 zigor proposamen egin ditu konfinamendu sasoian

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko api. 17a, 17:31

Alarma egoera ezarri zenetik hilabete pasa denean, Arrasateko Udaltzaingoak sasoi  honi dagokion balantzea egin du. Hilabete honetan 1.047 pertsona identifikatu dituzte Udaltzainek; 2.900 auto gainbegiratu dituzte; eta, 119 santzio proposamen egin dituzte.

Hilabete honetan egindakoaren balantzea egiterakoan, Udaltzaingoak adierazi du lehenengo momentutik zerbitzua egoerara egokitu dutela. Hala, "egunerokoak eskatzen dituen jarduerak gutxitu" egin direla diote, jendea etxean dagoelako, "baina handitu egin dira segurtasunari dagozkion kontrolak".

Alarma egoerako datuak

Alarma egoera indarrean sartu zenetik Udaltzaingoak 1.047 pertsona identifikatu ditu, eta 119 santzio proposamen egin dituzte arauak ez betetzeagatik. Era berean, 2.900 ibilgailu baino gehiago gainbegiratu dira.

Horrez gain, Osasun Zentroetan 115 egiaztapen gauzatu dituzte; erosketa guneetan –dendak, farmaziak…– 155; eta, herriko leku publikoetan 165  –Gernika zumardian, Santa Barbara Parkean, bide gorrietan, errepideetan, Erdialdeko eta auzoetako kaleetan, etab–. 

Herritarrei zuzenduako arreta ere areagotu egin dute. "Bizi dugun egoera honetan garrantzi handikoa da berau. Herritarrek dituzten zalantzak argitzea, dugun legedi aldakorrak sortarazitako zalantzei erantzunez Udaltzaingoak duen informazio guztiarekin, gremio eta profesional ezberdinen beharrei erantzutea, eta bizikidetzak sortarazitako arazoetan laguntzea, bitartekaritza lanak egitea. Horretan ere Udaltzaingoa beharrezko da", zehaztu dute Udal arduradunek. 

Udalak Udaltzaingoaren lana "ezinbestekotzat" jo du

Udaltzaingoaren lana “ezinbestekoa” dela adierazi dute Udal arduradunek; eta, bestetik, herritarren jokabidea "eredugarri eta egoki" gisa definitu dute. Momentu honetan Udaltzaingoaren lana 3 esparru nagusitan kokatzen da: segurtasuna; Udalaz gaindiko erakundeekin eta udaletxeko beste Sailekin egiten den lankidetza; eta, herritarren arreta. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak