Arrasateko Iturbide adinekoen egoitzan COVID-19 frogan positibo eman dutenen kopurua ikusita "osoko kezkatuta" daudela egoera horrekin adierazi du Ahal Dugu Arrasate alderdiak, eta hor eskumena dutenen "inmobilismoa" salatu du: "Iada bi aste baino gehiago igaro dira oposizioko udal alderdiok ondorengo proposamena luzatu genuela: gaixotasunaz kutsatutako pertsonak isolatu eta beharrezko tratamendua emateko eraikin publiko edo pribatu bat (hotelak adibidez) egokitzea aztertzea, bide batez kutsatu gabeko pertsonen osasuna ere bermatuz. 14 egun baino gehiago igarota, erantzunik jaso gabe eta egoitzaren egoera ikusirik, administrazio eskudunen inmobilismoa salatzera behartuta gaude".
Arrasateko Ahal Duguk dio orain ez dela momentua erantzukizunak eskatzeko, baina momentu hori ere etorriko dela dio: "Ulertzen dugu argi geratu den zentroko kudeaketa txarraren erantzukizun eta azalpenak eskatzeko momentua ez dela, baina bai azpimarratzea egungo egoera ez zela hain iluna izango lehen positiboa eman zenean egoiliar eta langileei frogak egin izan baliete. Egoera egonkortzen denean derrigorrezkoa izango da egoera honetara heltzearen arrazoiak zeintzuk izan diren aztertzea, erantzukizuna duten pertsonen kudeaketa zein izan den hausnartzea, astebetean 17 baino egoiliar positibo gutxiagotik 88-ra igarotzeko. Zoritxarrez, iada 14 zenduta". Alderdi horrek emandako datuen arabera: "Arrasateko egoitzan orain dela lau egun 105 egoiliarretatik 88-ik positibo eman zuten COVID-19 frogan. Hauetaz gain, 19 osasun langilek ere positibo eman zuten, zehazki 19 erizain auxiliar 53 langiletako plantilan".
"Egoerak okerrera egin ez dezan" oraindik kutsatu gabe daudenak beste eraikin batera pasatzeko garaiz daudela uste du aipatutako alderdi horrek, "hauentzat esparru seguru bat ziurtatuz kutsatuak daudenei egoitzan beharrezko tratamendua ematen zaien bitartean".
Iturbideko langileei eskerrak ere eman gura dizkie Ahal Dugu Arrasatek: "Gure miresmen, esker ona eta babesa bidali bahi diegu gure nagusiak zaintzeko euren osasuna bigarren mailan jarri duten langile taldeari. Bereziki Iturbide egoitzakoak apirilaren 1-a arte beharrezko osasun ekipamendu gabe lanean buru-belarri ibili direnak lehen lerroan (besteen artean EPI gabe), baina baita etxez etxeko laguntza zerbitzukoei ere (orain dela egun gutxi arte beharrezko ekipamendurik ez zuten ezta ere)".