Arrasateko EH Bildu: "Udalak ez du hiru milioiko soberakina bideratuko koronabirusaren eragina arintzeko"

Jone Olabarria 2020ko api. 9a, 15:40

Udal gobernuak atzo jakinarazi zuen 2019tik soberakin modura dauden 2.908.142,88 euroak "koronabirusaren eragina arintzeko neurrietara" bideratzeko asmoa duela. Arrasateko EH Bildutik ordea diote koronabirusari aurre egiteko udal gobernuak bideratuko duen kopurua 830.000 eurokoa izango dela,  ez hiru milioikoa.

Atzo, hilak 7, egindako Ogasun Batzordean kreditu aldaketa proposamena aurkeztu zuen udal gobernuak. Azaldu zutenez, iazko soberakinetan 2.908.142,88 euro daude, eta hain zuzen ere, "koronabirusaren eragina arintzeko neurrietara" bideratu nahi zituztela adierazi zuten. Hala, 930.000 euro Covid-19ak eragindako egoera "laguntzera" bideratzea proposatu zuten atzokoan, 1.557.000 euro  Gipuzkoako Foru Funtsetik krisiaren ondorioz jasotzeari utziko zaion diru-partida osatzera eta beste 522.000 euro "hainbat ekimen" aurrera ateratzeko.

Milioi bat baino gutxiago

Arrasateko EH Bilduk salatu duenez ordea, koronabirusari aurre egiteko bideratuko den diru kopurua, guztira, 830.000 euro izango dira, ez hiru milioi euro, hainbat partida ez direlako zuzenean koronabirusaren eragina "arintzera" bideratuko: "Guztira 830.000 euro bideratuko dituzte; 25.000 euro bertako merkataritza sustatzeko, 50.000 euro janaria erosteko zailtasunak dituztenentzako, 300.000 euro erosketa bonoetarako, 25.000 euro komertzioaren aldeko kultur ekintzetarako, 350.000euro tasen hobari eta salbuesteak finanziatzeko, 80.000 euro kiroldegiko tasen itzulketak finanziatzeko".

Gaineratu dutenez, larrialdi egoeran dauden familiak laguntzeko bideratu nahi diren 129.000 euroak Eusko Jaurlaritzak jarriko ditu, ez Arrasateko udalak. Era berean, kiroldegiko tasen itzulketa ez dela diru laguntza bat salatu dute, "ematen ez den zerbitzu bat ez kobratzea baizik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak