Udal Gobernuak atzo ospatu zuen Ogasun Batzordean 2019ko soberakin modura dauden 2.908.142,88 euroak nora bideratzeko proposamena aurkeztu zuen. Osasun neurriei jarraiki Osoko Bilkura Aretoan ospatu zen alderdi bakoitzeko ordezkari batekin, kontu hartzaile eta saileko idazkariarekin.
Koronabirusaren krisia
Bada, 930.000 euro Koronabirusaren ondorioei aurre egiteko bideratzea proposatzen du; herritarrei tasak itzultzeko 350.000€, kiroldegiko tasen bonifikaziorako 80.000€, Larrialdi egoeran dauden familiak laguntzeko 129.000 euro gehiago, erosketa bonoen kanpainarako 300.000€, Gurutze Gorrirako 30.000€, merkataritza babestu eta bertako kontsumoa sustatzeko kanpaina abian jartzeko 25.000 euro, eta kultur ekitaldiak antolatzeko beste 25.000 euro.
Foru Funtsaren laguntza
Era berean, Gipuzkoako Foru Funtsetik aurreikusitakoa baino %25 diru gutxiago jasoko da aurtengoa, hau da 4.000.000 euro gutxiago. Soberakinen zati bat, 1.557.000 euro, jasotzeari utziko zaion zatia estaltzera bideratu nahi dute.
Bestelako ekimenetara
Horrez gain, beste hainbat proiektu ere finantzatuko dira diru-poltsa honetatik; tartean, Tanborrada Txikiko traje berrien erosketa, TAO partaidetza prozesua ordaintzea, mankomunitateari aportazioa, hainbat konponketa eta eraberritze lan… Guztira, 522.000 euro bideratuko dira funts ezberdinetara.