Ahal Dugurentzat "proposamen populista" da EAJk asignazioekin egin duena

Xabi Gorostidi 2020ko api. 6a, 18:00

Elkarrekin Arrasate koalizioko zinegotzi eta Ahal Dugu Arrasateko kide Igor Urizar, 2019ko azaroko osoko bilkuran.

Jeltzaleek proposatutako 29.000 euroek "gaitasun esanguratsurik" izanez gero, ekarpena egiteko prest azaldu dira. Baina euren ustez 29.000 euroak eta aurreikusitako 930.000 euroak "urri geratzen dira ia 35 milioi euro kudeatzeko gaitasuna duen" Udal batean. Zentzu horretan, 2019 aurrekontutik geratuko diren 2,8 milioi euroak "larrialdi sozialerako plan" batera bideratzea eskatu diote Gobernuari. 

"COVID-19-aren osasun krisia krisi ekonomiko eta sozial baten hasiera da, herrian ondorio sakon eta latzak izango dituena eta ondorioz, maila bereko erantzun politikoa behar duena. Beraz, EAJ-tak donazioan ematea proposatzen dituen 29.000 euroak, udal alderdi guztion artean 4 hilabetetan jasotzen dena asignazio bezala, ez dute inongo zentzurik gero tamaina honetako krisi baten aurrean milaka familia langile laguntzetatik at uzten badira" azaldu dute. 

Iazko 2,8 milioi sobreakina erabiltzeaz gain, Hirigintza arloko obretara bideratutako dirua krisirako erabiltzea nahi dute. "Langile familiei ur, argindar, oinarrizko hornidurak bermatzea; dirulaguntza zuzenak merkatari txikientzako, ostalaritzarako... Datorren krisi sozial eta ekonomikoaren dimentsioa ezagutu arte lehentasunezko ez diren obra handi eta hirigintza proiektuak geldiaraztea, arrasatearren ongizatea eta oinarrizko bizi baldintza duinak lehenetsi ahal izateko. Benetako xederik ez badago larrialdi egoera honetan posible diren baliabide guztiak herritarren eskura jartzeko, euren proposamena propaganda hutsa da". 

Azkenik, adierazi dute, ez dela "postureoak" egiteko garaia. "Osasun krisia gogorra izaten ari da eta ondoren etorriko den krisi ekonomikoak ondorio
sakonak izango ditu. Ez gaude postureoa egiteko, Arrasateko herritarrek askoz gehiago emateko prest dagoen Udaletxe eta udal gobernu bat merezi dute.

Esatea ere, ohar hau –eta aurreko astean EH Bildurekin ateratakoa ere– Arrasateko Ahal Duguk sinatu duela, ez baitu Elkarrekin Arrasate koalizioko kide den Ezker Anitzaren babesik. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak