Distantziara irakasteak baditu alde positiboak

Xabi Gorostidi 2020ko api. 6a, 10:30

Tronpeta ikasle bat, etxean, irakaslearekin ordenagailu bidez komunikatzen. (Argazkia: Edorta Aiastui)

Bide telematikoak erabiliz lanean jarraitzen dute herriko hainbat hezkuntza eragilek. Arrasate Musikalen, Trikiti Eskolan eta Udal Euskaltegian halaxe dabiltza egun hauetan; zailtasun asko dituzte, baina baita ikasleengan ezusteko alde positiboak ere.

Kolpean eta aurreikusteko ia denborarik gabe hasi dira distantziara lanean aipatutako erakundeak. Arrasateko Trikiti Eskolan, adibidez, 150 ikasle inguru dira, eta bi irakasleren eta hiru laguntzaileren agindutara ikasten dute. "Gure kasuan, klaseetako asko taldean egiten ditugu, baina telematikoki ia ezinezkoa da hala jardutea. Ahalegindu gara, baina irudia eta soinua ez doaz aldi berean, zapaldu egiten dira elkarren artean... ez da eraginkorra", azaldu du Maixa Lizarribar irakasleak. Distantziara lan egiteko baliabide teknikoak behar dira, eta dio ikasle guztiek ez dituztela baliabide berak. "Denek ez dute Internet konexioa, 10 urtetik beherako ikasle gazteek ez dute mugikorrik, orokorrean... Ahal dugun moduan konpontzen ari gara, bideoak eta audioak elkarri bidaliz eta ariketa indibidualak jarriz".

Lizarribar, bizkarrez, telelana nola egiten duen erakusten. (Argazkia: Maixa Lizarribar).

Udal Euskaltegian ere ari dira bide telematikoekin. "Etxetik laneko ordenagailura konektatzeko bideak jarri dizkigu Udalak, eta eskertzen da. Ikas material asko modu fisikoan dugu, eta hori digitalizatzen ari gara", azaldu du Aritz Erdaide irakasleak.

Arrasate Musikaleko irakasle eta ikasleak ere distantziara ari dira lanean. "Grabazioak bidaliz eta zuzeneko konexioak egiten gabiltza", azaldu du Edorta Aiastui tronpeta irakasleak.

Distantziaren alde ona

Hala ere, horrela lan egiteak badu alde positiboa. "Ikasle asko kontzentratuago ari dira klase telematikoetan. Denbora libre gehiago dutenez, ikasle batzuen motibazioa eta hobetzeko gogoa handitu egin dira, eta guraso batzuk esan didatenez badaude balkoietara instrumentua jotzen ateratzen ari diren ikasleak", azaldu du Aiastuik. "Lehen motibatuta zegoen ikaslea orain are motibatuago dago", dio Lizarribarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak