Rosa Maria Sanchez: "Hasieran, lur jota zaude, baina gaixotasun hau gainditu daiteke"

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko api. 3a, 13:24

Ana Rosa Sanchez, etxean.

Rosa Maria Sanchezek (Arrasate, 55 urte) lau egun egin zituen etxean ondoezik. Sukarra, buruko mina eta eztula zituen. Botaka egiterakoan odola ikusten hasi zenean beldurtu zen benetan. Gaur egun etxean da berriz.

Larrialdietara joan eta pneumonia zuela esan zioten, eta COVID-19aren proba egin zioten. Berehala ingresatu zuten. "Hurrengo egunean esan zidaten positibo nintzela. Mundua erori zitzaidan. Ingurukoak kutsatu izanaren beldur handia sentitu nuen. Zorionez, guztiak daude ondo. Zorte handia da".

Bi aste egin ditu Debagoieneko Ospitalean eta beste bi egin behar ditu orain etxean bakartuta. "Logelatik irten barik nago eta bazkaria atean uzten didate, baina oso pozik nago. Kezka bakarra dut, kutsakorra izaten jarraitzea. Ez didate proba egingo, antza, eta beldur hori daukat".

Hasieran, kezka nagusi

"Hasieran, lur jota zaude eta dena oso ilun ikusten duzu, baina osasun zerbitzu bikaina daukagu eta gaixotasun hau gainditu daiteke. Hemen nago ni: hainbat patologia ditut, eta gainditu dut. Hau guztia amaitutakoan asteburu-pasa joango naiz kostara. Hondartzatik ikusi nahi ditut egunsentia, ilunabarra, olatuak... Berdin zait hotza edo euria bada ere. Eta nire mezua horixe: aterako garela honetatik, bai noski! Hori bai, kontuz gure nagusiekin. Nire kezka handiena gure aitona-amonak dira. Kolektibo ahulena da, eta ondo zaindu behar ditugu. Gure alde egin dute borroka bizitza guztian zehar, eta ez dute gertatzen ari zaiena merezi".

Orain, etxeko itxialdian

Gaur gaurkoz etxean dago bakartuta Sanchez. "Logela guztia garbitu dut, armairuak ere ordenatu ditut...". Irakurtzen ematen du denbora; izan ere, asko gustatzen zaio. "Arratsaldez dei pila jasotzen ditut. Senitartekoek eta lagunek deitzen didate, eta telefonoan ematen dut denbora".

Kontu handiarekin dabiltza etxean. Senarrarekin eta semearekin bizi da, eta hainbat neurri hartzeko esan diete. Sanchez gelan bakartuta egoteaz gainera eskularruak eta maskarak erabiltzen dituzte, eta hark erabilitako arropak zein ontziak eta tresnak, esaterako, modu berezian garbitu behar izaten dituzte. "Etxekoek ere berrogeialdia egin dute, baina ondo daude eta lasaitasun handia da hori".

Oso eskertuta

Rosa Maria Sanchezek ondo gogoan ditu Debagoieneko Ospitaletik etxerako bidean erietxeko langileak zelako txaloekin agurtu zuten. "Ikaragarria izan zen. Nire eskerrik beroena, guztiarengatik".

Ingresatuta egondako egunak gogorrak izan zirela du gogoan, baina ospitalean lantalde bikaina dagoela dio. "Zoragarriak zarete! Txalo jotzen dizuet, egunero-egunero!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak