Prentsa oharra igorri dute EH Bilduk eta Arrasateko Ahal Duguk, alkateak prentsan egindako adierazpenen harira. Bertako lehen hitzak herritarrei animoak eta esker ona emateko erabili dituzte: "Oro har, ondo ari gatzaizkio erantzuten konfinamendu egoerari –milaka pertsonen artean hobetu beharreko portaerak ere ikustea saihestezina den arren– eta horregatik ere jaso ezazue gure esker ona. Badakigu egoera ez dela erraza eramaten eta ondoren utziko dizkigun ondorioak ere ez direla samurragoak izango. Halere, kemenez eta, batez ere, herri kohesioz erantzuteko gai bagara, lortuko dugu aurrera egitea. Orain osasuna da garrantzitsuena eta gero, pertsonak erdigunean jarrita, denontzako bizimodu duina bermatzea".
Ostean, Gobernuak ez duela egoerak eskatzen duen mailako lidergo aktiborik adierazten dute. "Larrialdi-egoerak legez ezarritako neurriez harago, hutsaren hurrena izan dira Udal gobernuak bere kabuz hartutakoak, bai osasun-prebentzio mailan, bai konfinamenduak eragindako ondorio sozio- ekonomikoak arintzeko asmotan".
Krisi egoera honi aurre egiteko larrialdi mahai bat osatzea eskatu zioten Gobernuari, Udalean ordezkatutako alderdiekin, udal teknikariekin, sindikatuekin eta Boluntario sare herritarreko ordezkariekin. Horrez ordez bozeramaileen batzorde berezi bat egitea adostu zuten Gobernuarekin –alderdi bakoitzeko bozeramaileek hartzen dute parte–, eta Skype bidezko bilera telematikoak egiten hasi ziren. Baina zera diote bilera horiei buruz: "Orduz geroztik, bozeramaile batzorde bereziak egiten ari gara, idazkari gabe, jarraikortasunik gabe eta herriko agente sozioekonomiko zein boluntarioen parte hartzerik gabe. Ezin esan, beraz, udaletxe gisa, egoeraren jarraipen eta kudeaketa zorrotza egiten ari garenik. Honenbestez, martxoak 30 dituen honetan, eta krisia luzatzen eta larritzen doala ikusirik, Udal Gobernuari orokorrean eta konkretuki Ubarretxena alkate andreari Larrialdi Mahai bat eratzeko eskaera berresten diogu, Arrasateko eragile sindikal, sozial eta politikoak bateratuko dituena, guztion artean egoera aztertu eta neurriak pentsatu eta martxan jartzeko".
Aurrez esan bezala, krisiaren eraginak baretzeko sei puntuko larrialdi sozialerako plana proposatzen dute. Hauek dira neurriak:
- Tasa eta zergen etetea –ez atzerapena–, familia langile, merkatari txiki eta etekinik gabeko eta fakturazio gutxiko enpresa txikiei. Etxebizitzaren batek ur-argindar edo gas zerbitzua etenda duen begiratu eta, horrela bada, zerbitzua bueltaraztea.
- Gutxieneko errenta bermatzea oinarrizko hornikuntzarako laguntza lerro mailakatua, errenta eta ardurapean dauden pertsonen araberakoa –ume, nagusi, mendekotasun egoeran dauden pertsonen... kopurua–. Oinarrizko hornikuntza konfinamendu denboraldiak dakartzan oinarrizko behar guztiak asetzeko beharrezkoa den guztia kontsideratuko da: argindarra, alokairua, janaria, hipoteka, etxerako lehengaiak, ikasketa telematikoak egin behar dituzten ikasleentzako internet konexioa...
- Osasun krisi honetan jarduera eten izan behar duten merkatari txiki, ostalari eta etekin gabeko eta fakturazio txikiko enpresei dirulaguntzak ematea.
- Urteko kiroldegi abonua dutenei jarduera etetearen ondorioz geldirik egon den epea proportzionalki deskontua egitea.
- Hirigintza eta obra arloan martxan edo aurreikusita dauden inbertsioa guztiak geratzea, krisiari aurre egiteko baliabideak optimizatzeko.
- Iturbide Egoitzan COVID19-ren ondorioz gaixotuak isolatzeko espazioa irabazte aldera, egoiliar batzuk Hotel Mondragonen kokatzeko aukera aztertzea, hotelaren kudeaketa daraman enpresarekin batera.
Udal langile batzuek eta azpikontratatuko enpresek lanean jarraitu dutela ere salatu dute –udaletxea margotzen, lorategiak txukuntzen edo adierazpen libreko panelak berritzen– eta gehitu dute udal eraikin guztiak ez direla desinfektatu. "Ez dugu ulertzen zergatik". Horrez gain, adierazi dute oposizioko alderdiei heltzen zaien informazioa "oso urria" dela. "Ez dakigu udal sail ezberdinetatik laguntza beharrean egon daitezkeen kolektiboei begira: biolentzia matxista jaso izan duten emakumeak, bakarrik bizi diren adinekoak, bazterkeriaren mugan bizi diren familiak... zer lan ari diren egiten. Beldur gara BAZen telefono zenbaki bat jartzeaz harago ez dela ezer egin, ez ohiko larrialdiei erantzuteko ez ohiko baliabideak jartzeko egokitzapenak egin behar izaten direlako lantaldean ere eta Arrasateko Udalean ez da halakorik egin. Alderantziz, Batzorde informatiboak egiteari ere utzi zaio eta Tokiko Gobernu Batzordea, alegia, udal gobernua ez dago martxan".
Hausnarketa honekin amaitzen dute oharra: "aurpegia behin eta berriro prentsan zuritzeari utzi eta buru-belarri lanari ekiteko eskatzen diegu Ubarretxena alkateari eta bere gobernukideei. Egoeraren larriak kudeaketa maximoa eskatzen baitu, astean zazpi egun eta egunean 24 ordutakoa, Koronabirusak ez baitu jai hartzen asteburu eta zubi egunetan".