Hona hemen Ibai-artek komunikabideetara igorritako oharra:
"Mundu guztiak dakien bezala, COVID-19 gaixotasunaren pandemiak sortutako egoera bereziari aurre egiteko Ibai-Arteko saltokiek ateak itxi behar izan ditugu, oraindik zehaztu gabe dagoen denbora tarte baterako, 463/2020 Errege Dekretuaren prebentzio-neurri gisa eta baita gizarte-erantzukizunagatik ere, nahiz eta honek ondorio ekonomiko larriak ekarri.
Itzulera oso gogorra izango da guretzat, ez dakigu noiz irekiko ditugun berriro ere gure establezimenduak. Gure diru-sarrerak deusezak dira salbuespen-aldi honetan, baina, aldi berean, gastu berberak izaten jarraitzen dugu: lokalaren alokairua, aseguruak, zergak, nominak, telefonoa, zaborrak, dendan dauden eta saltzeko aukerarik ez ditugun produktuen hornitzaileei egin beharreko ordainketak, ... 7.500 euroko batez besteko gastuarekin. Saltoki askok 100.000 euro baino gehiagoko stocka dute jada aurreratuta, eta, daten arabera, baliteke salmenta-denboraldiak ere ihes egitea; zama handiegia hainbat establezimendurentzat.
Oraingoz ordainketak eta BEZa atzeratzeko aipamenak bakarrik entzuten ditugu, baina honekin lortzen dugun bakarra arazoa handiagoa egitea da. Gainera, neurri horiek ez dira nahikoak dugun hileko gasturako.
Horrez gain, egun hauetan premiazkoak ez diren produktuen online plataformen banaketak handitu egin direla ikusten ari gara. Horren aurrean planto egiten dugu, ez dugu pisuzko arrazoirik gabeko pertsonen eta salgaien mugimendurik nahi, ez dugu jatorri eta manipulazio zehaztugabeko paketerik nahi, ez dugu pertsonen bidegabeko ibilbiderik nahi gure kaleetatik paketeak eramanez, gure txirrinak joz, gure atarietako ateak ukituz eta irekiz, gure eskailera eta igogailuetatik igoz, gure solairuetako korridoreak erabiliz eta gure bizilagunekin egotea, etxez-etxe eta lurralde osoan zehar. Guztion onerako, izan gaitezen kontsekuente, kooperatu dezagun eta erabil ditzagun baliabideak funtsezko beharrizanetarako.
Ez ote gara gu ba herrialdearen motor ekonomikoa; zerbitzu publikoak bultzatzen dituzten eta zerga gehien ordaintzen ditugunak; kalitatea, berotasuna eta tratua eskaintzen ditugunak; auzoari nortasuna ematen diogunak; gure produktuen kalitateari arreta eskaintzen diogunak; ekonomia dinamizatzen dugunak; ekonomia iraunkorragoa sortzen dugunak; topaguneak eskaintzen ditugunak; enplegua eta konpromisoa sortzen ditugunak; etab. Eta, hala ere, legearengatik baztertuta gaude. Guzti horregatik, premiazko neurri garrantzitsuak behar ditugu gure jarduerarekin jarraitu ahal izateko, guztion erantzunak behar ditugu: gertukoenenak, Arrasateko Udalarenak, Eusko Jaurlaritzarenak, etab.
Horregatik, gure bezeroei ere gogorarazi nahi diegu, Arrasateko eta inguruetako jendeari, gutaz oroi daitezela, eta itzuleran ere hemen izango garela jakin dezatela, beraientzako lanean. Denok dakigu azken hilabeteetan Arrasateko denda batzuk ixten ari zirela, eta, egoera ikusita, dena pasatutakoan, gogoratu honetaz, bisitatu gure lokal eta dendak kontsumitzeko eta arnasa emateko, zuen bizilagunak eta lagunak gara.
Eta Ibai-Artetik txalo zaparrada bat eman nahi dizuegu etxean zaudeten merkatariei, eusten ari zaretenoi!, eta beste txalo zaparrada handi bat dendak zabalik eduki ahal izateko lanean ari zaretenoi, horrek dakarren guztiarekin! Merezi duzue!!!