Oharra Arrasateko Neska* Gazteak izenpean sinatzen dute. Testu hasieran, zapatu gauean tabernaz taberna egindako ekintzan bizitakoak azaltzen dituzte. "Ekintza zuzena baliatuz", herriko zortzi tabernetan sartu ziren, aurpegiak estalita eta aurrez adostutako musika bat jarrita, "jai giroan pairatzen dituzten eraso sexistak salatzeko". Herritar batzuen harrera "beroa" izan zen arren, diote "taberna guztietan erasoak jasan" zituztela. "Taberna guztietan erasoak jasan genituen: irainak, mespretxuak, bultzadak, mehatxuak, ukituak... Argi eta garbi geratu zaigu espazioa boterez eta indarrez hartzen dugunean deserosotasuna sortzen dela pertsona –eta, batez ere, gizon– askorengan. Hala, gure ekintzaren helburua bete dugu; eta, jakin, ez dela azkena izango! Zuen jarrerekin nazkatuta gaude eta hau salatzera gatoz".
GOIENAk ekintzak ikusi zituzten hiru lagunen iritziak jaso ditu. "Harriduraz hartu nuen ekintza hasieran; musika oso fuerte jarri zutelako, eta jarrera aldarrikatzailearekin sartu zirelako. Ekintza agresiboa iruditu zitzaidan lehen kolpean, baina martxoaren 8aren testuinguruko ekintza bat zela ondorioztatzean, hobeto ulertu nuen gertatzen ari zena" dio batek. "Tabernara sartu ziren, oihuka, dantzan, eta musikaren laguntzarekin. Euren aldarrikapenak egin zituzten, eta joan egin ziren" dio bigarrenak. Hirugarrenak dio, jendeak harriduraz hartu zuela. "Esango nuke jende askok ez zuela ekintza bera ulertu. Jai-giro erdian, halako ekintza batekin topo egiteak –musika altua, oihuak, aurpegi estaliak– harridura sortzen du, eta esango nuke jende askok ez duela mezua harrapatzen".
Kideei jarraipena
Ekintza horren ostean, Ertzaintzako agente batzuek taldeko kide batzuk "etxeraino" jarraitu zituztela salatu dute. "Hauek gure atzetik ibili ostean, adin txikiko neska* gazte batzuen atzetik hasi eta etxeraino jarraitu zituzten. Hau gutxi balitz, hurrengo egunean ere jarraipenak bizi behar izan genituen". Domekan kalez jantzitako agenteen jarraipena izan zutela adierazi dute: "Gu kikiltzea zen haien helburua, baina ez dute lortu eta ez dute lortuko".
Hala kontatu dute gertatutakoa "jarraipena" bizi izan zuten neskek: "Kontua da tabernetako ekintza bukatzerakoan Ertzaintzaren patruila bat agertu zela. Hauek guri jarraika aritu ziren gaztetxera iritsi arte. Ondoren gazte batzuk gaztetxetik irten zirenean euren atzetik hasi eta etxeraino jarraitu zieten. Bi ertzain kotxe eta sekreten kotxe bat izan ziren. Gainera, haien atzetik zebiltzala argi uzteko argiekin enfokatu zituzten pare bat aldiz. Hurrengo goizean portalean zain zituzten eta berriro ere gaztetxeraino jarraitu zituzten. Ondoren talde osoaren atzetik ibili ziren goizean zehar".
Ertzaintzarekin harremanetan jarri da GOIENA, eta hona jaso duen erantzuna: "larunbat gauean, Deba Urolako ertzain-etxeko ertzainak –uniformedunak eta kalez jantzitakoak– debekatutako substantzien kontsumoa prebenitzeko hainbat lan egiten ari ziren Arrasateko zenbait tabernatan zehar; eta egia da orduan konturatu zirela neska gazteen ekintzaz –jai giroan tabernak hartzen, alegia–, baina ez zitzaien arreta berezirik jarri, agenteak beste lan espezifiko batzuetan ari baitziren. Hurrengo eguneko "jarraipenei", ez diegu inolako sinesgarritasunik ematen".
Kartelak kentzea
Igandean, Emakumeen Nazioarteko Egunean, herrian zehar jarritako kartel batzuk kendu zizkietela ere salatu dute. "PNV-PSE-EEren Udal Gobernuak garbitzaileak bidali eta gure aldarrikapenetako batzuk kendu zituzten".
Bi kartel izan ziren konkretuki, Errotik dena aldatzeko ari gara eta Ongi-etorri edertasunaren lurraldera mezuak zituztenak. "Hala ere, kartelak zakarrontzietan aurkitu eta berriro jarri genituen. Ezingo dugu Arrasate feminista eraiki gure aldarrikapenak kaleetatik kentzen badituzue. Neurrigabeko mozal ordenantza hau gelditu beharra dago" adierazi dute.
Manifestazioan, Maria Ubarretxena alkateak "gehiegizko protagonismoa" izan zuela uste dute; hori "eten" egin zutela diote, eta gehitu, alkateak ekitalditik alde egitea "lortu" zutela. GOIENAk jakin duenez alkatea manifestazio amaierako ekitaldian izan zen. Hausnarketa hau egin dute horrekin lotuta: "Ezin baita ahoa aldarrikapenez bete, eta, bitartean, polizia adingabekoen jarraika bidali. Ezin baita feminismoa lehen lerrotik aldarrikatu, eta bitartean, langileak mobilizazio feminista horretarako prestatutakoak kentzera bidali. Ez dugu, inolaz ere, maila horretako jarrera hipokritarik onartuko".
Oharrean aipatutakoei buruz galdetuta, zera adierazi dute Udal Gobernutik: "Arrasateko Udalak herritarrei eskertu nahi die martxoaren 8aren bueltan, Emakumeen Nazioarteko Eguna, antolatutako ekitaldietan izan duten parte-hartzea, eta Emakume Taldeei zein eragile ezberdinei, antolakuntzan egindako lana. Ekintza andana antolatu zen eta giro aparta nagusitu. Adierazi, Udal Gobernuak Martxoaren 8ko eguna babestu zuela bere osotasunean, eta antolatu ziren ekintza ezberdinetan parte hartu, beste hainbat erakunde eta elkartetako kide ezberdinekin batera. Beste behin, eskertu herritarren atxikimendua emakumeen eskubideen alde, eta aldarrikatu, berdintasuna, arrasatear guztiok lankidetzan, egikaritu behar dugula; Arrasate berdinzale bat baitugu, guztiok, helburu".
Bihar, balorazio batzarra
Bihar, eguaztena, balorazio batzarra deitu Arrasateko Mugimendu Feministak. 18:30ean jarri dute hitzordua, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan.