Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko elkarlan hitzarmena, osoko bilkuran onartuta

Xabi Gorostidi 2020ko mar. 4a, 10:19

Bi erakunde arteko koordinazioa "formalizatzea eta hobetzea" helburu duen hitzarmenak onarpena jaso zuen atzoko osoko bilkuran; Udal Gobernuak alde botatu zuen eta oposizioak, aldiz, aurka. Hitzarmen marko orokor bat da, ostean, Arrasateko ezaugarrietara moldatzeko aukera ematen duena. 

Martxoko osoko bilkuran onarpena jaso du Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko lankidetza hitzarmenak. Bi erakundeetako ordezkariek atzo azaldutakoaren arabera, polizia baliabideak optimizatzea eta herritarrek segurtasun publikoaren arloan dituzten premiei erantzun hobea ematea du helburu hitzarmenak. Elkarlana aurrera ateratzeko arauak, zerbitzuen eta betebeharren banaketa, polizia-jardueren titulartasunak zehaztea, batera jarduteko protokoloak edo planak prestatzea, udalerrian poliziaren presentzia jarraitu eta nabarmena bermatzea, edo informazioaren trukaketa bermatzea, ahalbidetuko dituela azaldu zuten Arrasateko udaltzainburu Zigor Andinok eta Deba-Urolako Ertzaintzako hurbiltzaile David Mekolaldek. 

David Mekolalde, Maria Ubarretxena eta Zigor Andino, hitzarmenaren berri emateko agerraldian. 

Autonomia Erkidego mailako hitzarmen marko bat da –17 puntu eta 27 orri ditu–, eta aurrerantzean Arrasateko ezaugarrietara egokitzeko doikuntza batzuk egiteko aukera emango du. Zehaztu beharreko doiketak Deba Urolako Ertzaintzaren polizia-etxearekin adostea nahi dutela azaldu zuen Maria Ubarretxena alkateak, eta positibotzat jo zuen hitzarmena: "Guk uste dugu hitzarmena herriarentzako ona dela. Honek oinarrian eragiten duena da Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazioa hobetzea, areagotzea eta baliabideak eraginkorrago erabiltzea. Onargarria izango da Arrasaterentzako eta herriaren segurtasunerako, eta oso positiboki baloratzen dugu". 

Osoko bilkuran onarpena jaso zuen hitzarmenak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoei esker. Oposizioak, ordea, aurka botatu zuen. EH Bilduko Maider Morrasek bi arrazoi tarteko aurka botatzea erabaki zutela azaldu zuen: "Lehenik eta behin, hitzarmen hau Hirigintza batzordean landu da; ez dugu ulertzen zergatik, eta guretzako ez du zentzurik. Gure ustez hitzarmen hau Pertsonal Sailean landu beharko litzateke, bertako erabakiek zuzenki eragingo dutelako Udaltzaingoarengan. Eta bestetik, hitzarmenak ez du ezer konkretatzen, ez da zehaztasunetan sartzen. Hitzarmenak, zehazki, herritarrengan nola eragingo duen jakin gabe, ezin dugu horren alde botatu". Elkarrekin Arrasateko Igor Urizarrek esan zuen "beste urrats" dela "udaltzain eredua polizialago" bat edukitzeko, eta Kataluniarekin lotutako mobilizazioetan Bilbon eta Gasteizen izandako atxiloketak jarri zituen eredu horren adibide gisa. 

Dirulaguntza plan estrategikoa

Hau izan zen eztabaida sortu zuen eguneko beste puntua. 2023 urtera artean indarrean egongo den planak Gobernuarekin aldeko botoekin onartu zen, eta oposizioak aurka botatu zuen. Maria Ubarretxena alkateak adierazi zuen tramite legal hutsa zela, eta ez zegoela "ezer negoziatzeko". "Berez legeak eskatzen duen legezko pausu bat besterik ez da izan; agian ez da ondo ulertu". 

EH Bilduko Maider Morrasek hala azaldu zuen euren aurkako botoa: "Borondatea zein da? Negoziatzea gainontzeko talde politikoekin, edo aurreko plana itsatsi eta berriz pegatzea? Askotan entzun dugu Udal hau oso egoera ekonomiko onean dagoela, zero zor egoera duela... baina hemen dirulaguntzak ez dira sekula igotzen".  Elkarrekin Arrasateko Igor Urizarrek argudio bertsuak erabili zituen, eta "gutxiegia, kontinuista eta klientelista" adjetiboak jarri zizkion dirulaguntza planari. 

Galde eskeak

Tarte horretan, hirugarrenez jarraian, enpresa batzordeko kideek hitza hartu zuten, euren lan baldintzak Udalarekin zuzenean negoziatzeko duten eskubidea aldarrikatzeko. "Jazarpen sindikala" jasaten dutela adierazi zuen Maite Barreña bozeramaileak, eta Udal Gobernuaren jarrera aldatzen ez bada, eurekin argazkiak ateratzeari uko egingo diotela iragarri zuen. EAJko bozeramaile Anuska Ezkurrak, hurrengo batzordean gaia lantzen jarraituko dutela azaldu zien Udal langileen ordezkari sindikalei. 

Maite Barreña, atzoko bilkuran hitza hartzen. 

EH Bilduko Maider Morrasek "martxoaren 3an Gasteizen eraildako langileak", "martxoaren 8ko borroka eguna", eta berriki zendu den Pilar Ansoategi feminista arrasatearra ekarri zituen gogora. Martxoaren 8arekin lotuta, EAJtik domekako ekintzetan parte hartzera gonbidatu zituzten herritarrak, eta zapatuan Isaias Carrascori egingo dioten omenaldian "herriko alderdi guztiak ikustea espero" dutela esanaz amaitu zuten osoko bilkura. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak