Arrasateko feminismoaren beste erreferente bat zendu da martxoaren 8aren atarian

Xabi Gorostidi 2020ko mar. 2a, 13:35

Pilar Ansoategiren irudia, eta haren agur ekitaldiko une bat.

Iaz Sagrario Lopez zendu ostean, aurten Pilar Ansoategi militante feministak esan du agur. 70. hamarkadan hasi zen askotariko mobilizazioetan parte hartzen, Arrasateko lehen langile mugimenduak ahalbidetuz. Besteak beste, Liga Komunista Iraultzaile (LKI) talde barruan emakumeen taldea bultzatu zuen eta Makatzenan auzoan ekimen ugari antolatu zituen.  

Ostegunean eman zioten azken agurra senideek eta lagunek, San Kristobalgon hilerrian egindako ekitaldian. Arrasaten ez ezik, Aretxabaletan ere oso maitatua izan da Ansoategi. Horren adibide da, 2016an, adibidez, Aretxabaletan jaso zuen aitortza. Karmele Unzuetarekin batera omendu zuten Ansoategi, berdintasuna lortzeko bidean egindako ekarpena aitortzeko. Puntu more eta “hegan egiteko” erratz bana eman zieten sari modura, euren eguneroko lana aitortu eta eskertzeko.

Ansoategi, erratza jaso berritan, Aretxabaletako omenaldian. 

Haren alboan ekimen askotan parte hartu zuen Juan Ramon Garaik, erreferentzia hauek eman ditu Pilar Ansoategiren militantziari buruz: "Pilar Ansoategi, 1974an ETAren seigarren asanbladan hasi zan militatzen. Puig Antichen Barguardiako mobilizazioetik gentozen. Urte horretan, gure belaunaldiak lortu zuen herrian lehenengo langileen mobilizazioak aurrera ateratzea: Union Cerrajeran San Juanetan, kooperatibetan balorazioen aurka, eta, batez ere, abenduaren 11ko greba orokorra. Hurrengo lau urteetan Arrasaten sekulako borrokak egon ziren, batzuk aipatzearren: Gameyko despidoen aurkako elkartasuna, amnistiaren aldekoak, martxoak 3, German Rodriguez (LKIko militantea), Emili Roberto Zapa, Metalgintzako konbenioak…".

Langileen eta emakumeen eskubideen alde egindako lanaz gain, Makatzenan askotariko auzo-lanak egin zituen Ansoategik: "auzoan martxan jarritako iniziatibak asko izan ziren: Ume zaintza, ekonomatoa, igerilekua, frontoia, marrazki tailerra, zinea botatzeko aretoa, zinerik ez zen bota, baina urteetan bilera klandestinoak egiteko erabili genuen. Horregatik poliziak uniforme gabekoak auzoan bonba bat jarri ziguten. Pilarrek tinta gorriaz, lilaz eta umore onaz idatzitako historia gurekin gelditzen da" azaldu du Garaik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak