Iñaki Ziarrusta: "Umeen arazoak helduon berdin-berdinak dira"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko ots. 28a, 11:39

Bihar, zapatua, ATX Teatroa taldeak Kaskarot izeneko familia ikuskizuna ekarriko du Amaia Antzokira (17:00etan, sarrera 5 euro). Lanak hainbat gai azaleratuko ditu: ezberdina izatearen beldurra, lehenengo harremanen lotsak, nola ahazten dugun gure esentzia... Eta hori guztia Aner izeneko gaztetxoaren begietatik biziko du ikusleak, Anerren eta haren alter egoa den Kaskaroten eskutik. Halakoak eta gehiago azaldu ditu antzerki taldeko zuzendari Iñaki Ziarrustak Arrasate Irratiko gaurko, egubakoitza,  Igo Autobusera! saioan.

Arrasatera behin baino gehiagotan etorri zarete, gustuko duzue Amaia Antzokia?

Bai, baina ez pentsa, areto handia da eta horrek errespetua ere ematen du, gu, akaso, leku txikiagoetara ohituta gaudelako. Arrasaten Zarzuelak eta halakoak egiten dituzuenean seguru bete egingo dela, baina antzerki emanaldi batekin... Ea jendea animatzen den.

Diozue bizitzaren ohiko korronteetatik aldentzea dela antzezlan honen helburua. Haurrendako bai, baina helduendako ere balioko luke horrek, seguru.

Gertatzen dena da, askotan, umeei zuzendutako lanak egiten ditugunean umekeriak egiten ditugula. Gauza arinak, koloretsuak, festa giroa... Eta, oso gutxitan ekartzen ditugu umeen arazoak taula gainera. Eta esango nuke umeen arazoak eta nagusienak berdin-berdinak direla. Sei urte ditugunetik 80 urte egiten ditugunera arte arazo berberak ditugu, baina logikoki, bakoitza bere mailan. Eta guk umeek dituzten arazoetako batean oinarrituta antzezlana sortu gura izan dugu. Ez ditugu arazo guztiak ekarriko, baina bati heldu diogu.

Joan gaitezen mamira, Aner da antzezlaneko protagonista. Dantzatzea izugarri gustatzen zaion  gaztetxo bat, baina hain zuzen, dantza egitea debekatuta dagoen gizarte batean bizi dana.

Hori da. Azken batean egoera distopiko bat sortu dugu, erreala ez dena, baina errealitate batera egokitzen ez den gaztetxo baten kasua erakusten duena. Anerrek ezin du gehien maite duena egin, eta lekuz kanpo sentitzen da. Hori da abiapuntua.

Eta, Aner Kaskarot bihurtzen denean da zoriontsu.

Bai. Hor egin duguna da marrazki bizidunetan sarritan erabiltzen den gauza bat. Hau da, pertsona bati alde batean deabrua azaltzen zaionean, eta bestean aingerutxoa. Eta, biek egiten diote berba, batek gauza onak esateko, eta besteak txarrak. Eta hori da pertsona orok dugun dikotomia bat, ongiaren eta gaizkiaren artean, positibo ala negatibo izatearen artean... Eta hor agertuko dira bi pertsonaia: kaskarot pertsonaia positiboa da, alaia, Anerri arazoak konpontzen lagunduko diona, eta bestea da Ilunsaku. Ilunsaku da iluna, negatiboa, rollo txarra ematen duena... Eta, krisi momentu batean biak azalduko zaizkio Anerri, eta ikusiko dugu krisialdi hori zelan gainditzen duten hirurek.

Eta, desberdin izatearen onurak azpimarratzen dituzue.

Izan ere, zer da desberdina izatea? Anerrek bere burua desberdin sentitzen du, eta horrek joera ezkor batera eramaten du. Eta, hor ikasiko du kudeatzen bere positibotasuna, baina baita bere negatibotasuna ere. Izan ere, gizaki orok bi sentimendu horiek behar ditu, hau da, ezin dugu beti positibo izan. Ulertu behar dugu bi sentimenduak kudeatzen ikasi behar dugula, biak izan behar ditugula.

Iparraldeko eta hegoaldeko aktoreak batuko zarete antzezlanean.

Bai, eta bada gure marka, neurri handian. Guk antzerkia euskaraz egiten dugu, ez dugu beste hizkuntzarik erabiltzen, eta gure esparrua asko mugatuko genuke Hego Euskal Herriko jendearekin bakarrik lan egingo bagenuke. Zazpi lurraldeak aintzat hartzen ditugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak