'Gure ortua' prest dute Santa Marinako ludotekan

Mireia Bikuña 2020ko ots. 20a, 09:50

Gaztetxo arrasatearren nahiak aintzat hartu eta elkarlanean garatutako egitasmoa da. Ludotekako txokoak definitu eta landu, ortua sortu eta murala margotu dute. Aurrerago beste bi eremu sortuko dituzte: Lokatz Gunea eta belardiko jolasak.

Proiektuaren lehenengo urratsa 2018-2019 ikasturtean eman zen. Haurren beharrak entzunda, kanpo espazioak eraldaketa premia zuela adostu zuten. “Grisa, hotza eta hezea zen espazio bat, argitsua, beroa eta haurren beharrei egokitua izatea nahi genuen. Beraz, haurren eskaera honi heldu genion”, azaldu du Itsaso Gallastegi koordinatzaileak. “Parte hartze prozesu bat ireki genuen honetarako: saioa kanpo espaziotik hasi eta gela lasaian amaitu genuen. Plano baten gainean diseinatu genituen txokoak, bakoitzaren arauak, beharrezko materiala… Luzea izan zen prozesua baina emaitza ezin hobeak eman zituen”, esan du Garazi Azkarate hezitzaileak.

Behin nahierako espazioak definituta, haurrek aurkezpena egin zieten gurasoei eta Udalari. Ondoren Udaleko obra lantaldearekin batera zehaztu zen proiektua. Kanpo espazioaren argiztapena, kanpora irteteko atea, ortua, eszenatokia … etorri ziren jarraian.

Murala

Duda barik, Santa Marinako ludotekako kanpoko espazioari kolorea ematen diona margotutako murala da. POOK Elkartearen laguntzarekin margotu dute: Lexuri Doyague, Mari Urizar, Joana Mancisidor, Elena Azkarragaurizar eta Sara Miguelez, hain justu ere, Paraleloa zen beste parte hartze saio bat egin zen haurrekin muralean margotu beharrekoa erabakitzeko. Behin haurrekin batera bozetoa eginda artistek margotu dute kanpo espazioko horma ia osoa. Haurrek ere beraien zatiak margotzeko aukera izan dute, baita muralean ageri den leloa asmatzekoa ere: Plazaludo.

Segurtasuna

Haurren segurtasuna bermatzeko, bi lan espezifiko egin dituzte Santa Marinako ludotekan: alde batetik, kanpoko aparkalekuan pibote batzuk jarri dira harrapaketak  ekiditeko; eta beste alde batetik, ludotekatik ortura zuzenean joateko ate bat zabaldu dute. "Orain arte, eraikinari buelta osoa eman behar genion kanpoko gunera joateko. Orain, sarbide zuzena daukagu", esan dute hezitzaileek.

"Pozik"

Maria Ubarretxena alkatea eta Maitane Muñoz zinegotzia egon ziren 'Gure ortua' egitasmoaren aurkezpenean. Egindako egokitzapenak ikusi ostean, balorazio positiboa egin zuten.“Emaitza bikaina da, baina prozesua are eta garrantzitsuagoa eta aberasgarriagoa iruditzen zaigu. Haurrak erdigunean jarri eta beraien nahietatik eraikitzea oso garrantzitsua dela deritzogu. Beraien beharrak entzun, beraiekin batera erabaki, beraiena izango den lekua sortu eta guzti honekin espazioa beraiena egitea ezinbesteko da”, esan zuen alkateak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak