Seber Altuben hasita, kalerik kale ibili dira ehunka herritar, Lan, pentsio eta bizitza duinak leloarekin alde. Alde bateko eta besteko eragileak elkartu dira, goizean moduan, duintasunaren aldeko aldarriak egiteko. "Balioan ipini gura ditugu kooperatibatan eta enpresa txikietan jaso diren aldeko botoak. Leku askotan balio izan dute greba egiteko, eta beste batzuetan ez. Baina, azken horietan, oso parekatua egon dira bozketak. Era berean azpimarratu gura dugu bozketak egin dituzten enpresa txikien ia %95 irten direla kalera. Arrakasta erabatekoa izan da", esan du Arrasateko Greba Batzordeko kide Xabier Llodiok.
Era berean, garbi utzi dute, pauso bat gehiago eman arren "borrokan" jarraitu behar dela: "Greba konbokatu zenetik esan genuen gaurko eguna mugarri bat izango zela. Baina, ez da zerbaiten amaiera. Hasiera baizik. Lan, pentsio eta bizitza duinen aldeko borrokak eta dinamikak aurrera jarraitu behar dute. Egunez egun, lantokiz lantoki... pentsiodunak, ikasleak, langileak, gazteak... mobilizatu behar dira, dinamika honi eusteko. Bihartik aurrera lanean jarraituko dugu, tinko".
Arrasateko manifestazioa Herriko Plazan bukatu dute. Borrokan jarraitzeko konpromisoa hartu dute han batutakoek.
Goienan, zerbitzu minimoak
Urtarrilaren 30eko greba orokorrarekin bat egin dutenen artean daude Goienako langileak. Grebaren jarraipena egiteko zerbitzu minimoak bakarrik egon dira lanean.