"Mozten den zuhaitz bakoitzeko, gutxienez, berri bat landatzen dugu"

Xabi Gorostidi 2020ko urt. 28a, 16:52

Obrak, Zerbtzuak, Auzoak eta Mantenua –OZMA– saileko buru Oscar Garciak agerraldia egin du, zuhaitz mozketen inguruan herritarren artean "sumatutako kezkak" ikusita. "Mozten den zuhaitz bakoitzeko berri bat" landatzen dutela adierazteaz gain, azaldu du, bananondoen kasuan bertako espeziengatik aldatzen ari direla.

Azkenaldian herrian egin diren zuhaitz mozketen harira, azalpenak emateko beharra sumatu du Oscar Garciak OZMAko batzordeburuak, herritarrak gaiarekin "kezkatuta" sumatu ostean.

"Segurtasun edo osasun arrazoiengatik egiten dira herriko zuhaitz mozketa gehienak, eta kasu guztietan, zuhaitz berri batengatik ordezkatzen ditugu. Ez hori bakarrik; ahal bada, zeudenak baino gehiago sartzen ditugu". 2018an adibidez, 109 zuhaitz moztu zituzten eta 116 landatu –zuhaitz egunean landatutakoak kontatu gabe–.

Moztutako zuhaitz batzuk, Gernika pasealekuan. 

Segurtasunarekin lotutako adibide gisa, esan du, zuhaitz asko etxebizitzetatik gertuegi daudela; sei metroko muga gainditzen badute, moztu egiten dituzte eta berri bat sartzen dute haren ordez. Beste batzuetan, oinezkoen segurtasuna bermatzeko egiten dituzte mozketak. "Otalora pasealekuan egin ditugu batzuk, haizete gogorrekin arramak jausten zirela ikusita".

Beste kasu batzuetan, –Gernika pasealekua, kasu– zuhaitz zaharren alboan landatutako zuhaitz berriei hazteko lekua uzteko mozten dituzte. "Bertan bananondo ugari daude, eta horiek gutxinaka bertako espeziengatik ordezkatzen dihardugu: haritzak, arteak, pagoak, urkiak... Bananondo horien alboan bertako espezie txikiago batzuk daude landatuta. Kasu askotan, bananondoaren sustraiek eragotzi egiten dute alboko zuhaitz berria haztea, eta halakoetan, bananondo zaharra kentzen, berriari lekua uzteko". 

Gernika pasealekuan bananondoak, eta alboan, duela gutxi landatutako bertako espezieak. 

Bananondoen arazoa

Herrigunean 5.000 zuhaitz inguru daudela kalkulatzen dute; horien %60 kanpoko espeziak, eta %40 bertakoak. Kanpotarren artean ugarienak  bananondoak dira, eta Garciaren arabera berezko arazo asko dituzte.

"Aspaldi era honetako zuhaitz ugari landatu ziren, batez ere, gerizpe handia ematen zutelako. Baina arazoak ematen dituzte.Urtero inausi egin behar dira. Horrek kostu ekonomiko bat izateaz gain, landarea ahultzen du urterik urtez. Horrez gain, urtero izurriteak izaten dituzte, xomorro batzuek eraginda: hauek gainean jausiz gero azkura eragiten dute eta zuhaitz azpiko guneak zikinduta geratzen dira, itsaskor moduan".    

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak