Gogoeta pertsonal eta intimo batetik sortu zen proiektua da Gauekoak, Kukai dantza taldeko zuzendari eta koreografo Jon Mayak sortu eta protagonizatua. Zapatuan, dantzan egongo da Amaia antzokiko taula gainean, eta berarekin batera Arkaitz Miner eta Xabi Bandini musikariak izango dira. Beti taularen atzeko aldean egon da Maya, eta, oraingoan, taularen gainera egingo du salto Gauekoak ikuskizunarekin:" Jendaurreko ekitaldiak ez ditut albo batera utzi inoiz. Azkenengo sorkuntzetan eta proiektu berrietan atzeko lanetan egon naiz gehiago, eta orain, kontrakoa, aurrean eta protagonismo handiarekin".
Duela urte eta erdi hasi zen proiektu honetan pentsatzen eta maiatzetik aurrera gogor ibili da lanean. "Duela urte eta erdi, Mireia Gabilondori, eszena zuzendariari, kontatu nion buruan nuen ideia. Garai haietan, Kukaiko beste estreinaldi bat neukan tartean, eta bestelako lanak. Baina pixkanaka-pixkanaka aurreratzen joan nintzen eta azkenengo urte hau intentsitate handikoa izan da", dio dantzariak.
Jon Mayarekin batera, eskarmentu handiko eta urteetako ibilbidea duten musikariak izango dira oholtza gainean: "Arkaitz eta ni herri berekoak gara eta umetan elkarrekin dantza egin genuen talde berean, aspalditik ezagunak gara. Eta pendiente nuen berekin lan egitea. Xabi Bandiniri ere proposatu nion eta baiezkoa jaso nuen. Istorioa hirurok kontatzen dugu, hirurak gara protagonistak".
Sentsazio asko
Ikuskizun honetan sentsazio asko jasotzen dira eta asko identifikatuta sentitu ahal direla dio Mayak: "Gauekoak ikuskizunak edozein sortzaileren gauekoa kontatu dezake. Gauza intimo bat da, goxoa, obsesioak, bakardadea, gogoak, ezinak… hori guztia agertzen da ikuskizunean. Agertokian gauden hirurona izan daiteke, baina beste edonorena ere bai. Seguruenik, asko identifikatuta sentituko dira. Ez dauka kontakizun lineal bat, sentsazio desberdin askotatik pasatzen da, baina, betiere, gauak ematen digun bakardade eta misterio puntu horretatik abiatuta. Pixkanaka-pixkanaka hirurak bakoitzaren bakardadetik batzen goaz".
Ikuskizun honetan, eszenografiak bere garrantzia dauka, eta, hortaz, asko landu dute aspektu hau: "Fernando Berneusenak dira eszenografiaren diseinua, argiztapena eta ikus-entzunezkoak. Kontakizun hau testuinguratzeko espazio batean. Oso etxeko elementuak daude: sofa, ohea… baina, era berean, egiten den erabilpenak beste mundu batera eramaten du ikuslea".
Biraren lehen fasea
Abenduaren 1ean estreinatu zuten ikuskizuna eta geroztik nahiko jarraian egiten ari dira emanaldiak. Momentuz, abenduaren 21ra arte dauzkate iragarrita biraren datak, eta gerora jarraipena izango du. Bitartean, bakoitzak bere lanetan ere jarraitzen duela dio Mayak: "Kukaik martxan dituen beste proiektuekin ibiliko naiz ni, Xabier Bandinik bere bakarkako lana aurkeztu berri du, Arkaitz ere bere proiektuekin dago. Baina proiektu honetarako ere tarte bat dugu, eta, gure ohiko jardunetan jarduteaz gain, Gauekoak ikuskizunerako denbora batez badaukagu tarte bat".
Ikuskizunak oso harrera ona izan du eta pozik daude jasotako balorazioekin: "Pozik gaude jendearen harrerarekin; egia esan, oso emanaldi politak irteten dira. Ni oso pozik nago, prozesuan asko gozatu dut, agertokian pila bat gozatzen dut, oso gustura nago bizipenekin eta sortutakoarekin. Momentu hunkigarriak daude niretzako”.
Zapatuan Arrasaten izango dira, 19:30ean. Ikuskizunerako sarrerak Arrasate.eus atarian eta antzokiko leihatilan eskuratu daitezke, 10 eurotan.