TAO sistemarekiko kezkak azaldu dituzte herritarrek

Xabi Gorostidi 2020ko urt. 15a, 12:42

Atzo egin zuten TAO sistemari buruzko asteko lehen eztabaida publikoa, Etxaluzen. 60 lagun inguru batu ziren bertan, sistema berriarekiko kezkak azaltzera eta ekarpenen bat edo beste egitera. TAO sistema herri osora zabaltzeko beharra izan zen gehien errepikatu zena, eta Hirigintza Saileko arduradunek azaldu zuten "buruan dutela", nahiz eta hasierako planteamenduan jaso ez.

Ordu eta erdi iraun zuen saioak, eta hasiera partean sistema berriaren nondik norakoak eta azalpenak eman zituen Aztiker enpresako  Susana Martinezek. 

Lehen zati horren ondoren herritarrek hartu zuten hitza, askotariko galderak eta kezkak azaltzeko. Zalantza teknikoak izan ziren batzuk: ea egoiliarrek aparkaleku arruntak erabili ditzaketen, ea egoiliarrek zein gune erabili ditzaketen, nola funtzionatzen duten express guneek, zenbat denbora igaro behar da express gune bat bigarren aldiz erabiltzeko, ea alde zaharreko egoiliarrek non aparkatu behar duten... eta antzerakoak. 

Baina zalantza tekniko konkretuez gain, izan ziren ere kezka orokortu batzuk. TAO sistema herri osora zabaltzeko beharra izan zen gehien errepikatu zen kezka, adibidez. Hasierako planteamenduak hiru gune ditu TAOrentzako –erdigunea, Uribe eta San Andres–, eta hainbat herritarrek azaldu zuten horrek TAOrik gabeko guneak kaltetuko dituela sistema berriak: ospitale ingurua, Musakola, Makatzena...

"Arazoa leku batetik kendu eta beste leku batzuetara eramaten duzue"  azaldu zuen ospitale inguruan bizi den herritar batek. Kezka horri erantzunez, Aztikerreko eta Hirigintza Saileko arduradunek behin eta berriz adierazi zuten, aurrerantzean herriko beste gune batzuetara TAO sistema hedatzeko asmoa buruan dutela, nahiz eta hasierako planteamenduan jaso ez.

Herritar bat galdera egiteko txanda eskatzen. 

Beste kezketako bat izan zen, azpiegitura berrien beharra dagoela, jendea herri barrura modu jasangarrian etortzeko. TAO  sistema aplikatu orduko bidegorri sarea martxan egotearen beharra aipatu zuten, eta baita herri sarrera edo kanpoaldean, aparkaleku disuasorioak jartzea ere.

Beste batek mugikortasunarekin lotutako pedagogiaren beharra aipatu zuen. "TAOak ez ditu kutsadura edo mugikortasun arazoak konponduko, ez bada pedagogia ariketa sakon bat egiten; hori egin ezean partxe bat izango da". 

Bileran parte hartu zutenei euren kezkak eta ekarpenak helarazteko beharra aipatu zieten, behin eta berriz. Hirigintza Saileko buru Juan Antonio Urdangarinek ekarpenen garrantzia nabarmendu zuen, sistemak etengabe hobetzeko izaera izango duelako. 

"Argi dago ez dela sistema perfektua eta ez dugula lehengoan asmatuko. Martxan jarri eta urtebetera hobekuntzak egingo dizkiogu. Urtero-urtero berrikusiko dugu, hobetze aldera". 

Hurrengo hitzorduak

Gaiari buruzko hurrengo eztabaida publikoa ostegunean egingo dute: Udaletxeko osoko bilkura gelan, 18:30ean. Horrez gain, zalantzak argitzeko eta ekarpenak egiteko gune informatiboak egongo dira ostiralera arte: 

  • Gaur, eguaztena: Kulturaten, 17:00etatik 20:00etara
  • Bihar, osteguna: Udaletxek arkupean, 17:00etatik 20:00etara.
  • Etzi, barikua: Azoka Plazan, 10:00etatik 13:00etara. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak