Ander Lipus (aktorea): "Zabalik dagoen zauria sendatu nahi du lanak"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko urt. 10a, 12:11

Artedrama, Axut eta Dejabu Panpin Laborategia konpainien Zaldi urdina lanak harrera ezin hobea izan du, urriaren 11n estreinatu zutenetik sarrera guztiak agortu dituzte areto guztietan. Azaroan Oñatin egin zuten, domekan Arrasateko Amaia antzokian izango dira eta otsailaren 8an Bergarako Seminarixoan.

Zein da, zure ustez, arrakastaren sekretua?

Gauza asko elkartzen dira: batetik, aurrez elkarrekin egindako lanekin publiko bat egin dugula, eta bestetik, hiru taldeak bilduta indar handia dugula; hau da, hiru probintzietako taldeak, taularen gainean zazpi aktore... eta hedabideen laguntza ere badugu.

Igor Elortzak eta Unai Iturriagak asmatu dute gidoiarekin.

Lantalde ikaragarria dugu, 21 lagunek osatutakoa: antzezlana Ximun Fuchsek zuzendu du, Iturriagak eta Elortzak idatzitako eta ondoren Ainara Gurrutxagak moldatutako gidoia, eta ezinbesteko lankide gehiago atzean: jantziak, dekoratuak, argiak... Talde bat gara eta funtzionatzen duen formula batekin gabiltza.

Taularen gainean zazpi lagun, jatorri eta ibilbide ezberdinekoak, gainera.

Hala da; eskarmentu handia duen Olatz Beobide aktorea eta zuzendaria, esaterako, batetik, eta millenial-ak diren beste hainbat ere bai. Bakoitza Euskal Herriko txoko batekoa da.

80ko hamarkadan Euskal Herria astindu zuen droga kontuak dituzue oinarri. Zer eta nola kontatzen duzue?

Diskoteka baten hasten da; gazte batek zaldi urdina droga hartu du eta bat-batean erori eta koman sartu da. Istorioa hortik abiatuta, polizia 18 urte dituen Aingeruren bila hasiko da, hark droga zabaldu duen susmoa duelako, eta gertaera horrek 80ko hamarkadan Euskal Herrian heroinagatik hil ziren gazte askoren istorioak kontatzeko bidea ematen du antzezlanak. Galdera asko planteatzen dira obran zehar; besteak beste, zein erraza den droga lortzea eta zergatik den hori. Iturri askotatik atera dugu informazioa gaurko istorioa kontatzeko asmoz, baina gure herriaren iragana ahaztu gabe. Esaten da 5.000 bat gazte hil zirela Euskal Herrian drogaren ondorioz, eta ez dago errudunik. Zauria zabalik dago, eta antzezlanarekin sendatu nahi dugu.

Euskal thriller moduan definitu dute adituek; bat zatoz?

Badauka puntu hori, eta zine kontzeptuekin jarraituz, road-movie ezaugarriak ere bai, Aingeruren bilaketan herri askotatik pasatzen delako. Ximun Fuchsen begirada nabari da, ekintza asko, erritmo bizkorra… jendea txundituta geratzen da eta ahoz ahokoak ondo funtzionatzen du.

Barre gutxi egingo dute ikusleek, ezta?

Komediak ez du toki handirik thiller-etan; hala ere, badaude atal ez horren serioak ere. Antzerkiak gauzak sentitzeko eta hausnartzeko balio du eta hor jolastu nahi dugu.

Arrakastaren aparretan zaudete lan horrekin, baina nola ikusten duzu, orokorrean, euskal antzerkigintza?

Antzerkigintzan, batzuetan, arrakastatik gertu egotearen edo arrastaka ibiltzearen arteko aldea txikia da; beraz, pozik gaude, dena oso ondo doalako. Orokorrean, sortzeko denborarik gabe geratzen gara batzuetan; izan ere, euskal teatroan jarduten dugunok egoera prekarioan gaude eta lan asko aldi berean abiatzera behartuta gaude. Prekarietate horretatik indarrak ateratzen ditugu, eta une honetan, zorionez gu ondo ari gara, antzokiak betetzen, baina horrela izan beharko litzateke beti eta guztiok.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak