IMME elkartearen egoitza berria inauguratu dute

Amaia Aranegi 2019ko abe. 20a, 15:43

Emakume musulmanak euskal gizartean integratzeko helburua duen IMME elkarteak, egoitza berria inauguratu zuen atzo San Andres auzoan. 7 urte daramatza elkarteak kanpotik etorritako emakumeak ikusgai jartzeko proiektuak garatzen.

Arrasateko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jasotzen du IMME elkarteak, eta Arrasateko alkatearekin batera Aldundiko Berdintasunaren zuzendari Miren Elgarresta izan zen atzo inaugurazioan.

Elgarrestak adierazi zuen elkartearen ibilbide luze horretan leku egoki baten beharra zegoela: "Beraien proiektuak aurrera ateratzeko leku egoki bat falta zen. Virginia Woolfek esaten zuena etortzen zait gogora, emakumeak ahalduntzeko gela propio bat behar dugula. Kasu honetan, emakumeak kolektiboki ahalduntzeko urrats garrantzitsu bat da hau".

Elkartea gaztelania eta euskera ikasteko helburuarekin hasi zen baina gaur egun horretaz gain, emakumeen ekintzailetasuna sustatzeko eta hauen gaitasunak lantzeko eta ezagutzera emateko proiektuak garatzen dituzte. Orain, emakumeak laneratzeko proiektu berritzaile baten lanean daude, hala dio IMME elkartearen sortzailea eta presidentea den Djamila Zereibyk: "Emakumeak industriaren munduan sartzeko proiektu bat aurkeztu dugu. Bertan autonomia eta berdintasuna benetan lortu dezakegu, eta hauen ahalduntzea. Gure ametsa da".

170 emakumek osatzen dute elkartea, inguruko herrietatik etortzen dira eta helburua bere hedapena handitzea da. Elkarteak lehen Altamira auzoan zuen egoitza eta Arrasateko Udalak egoitza handiago bat utzi die. Maria Ubarretxena alkateak, Udalaren babesa azaldu zien eta elkarteak emakumeak ikusgai jartzeko egiten duen lana azpimarratu zuen: "Arrasate anitza, plurala eta irekia da. Gune honetan emakumeak biltzea eta lanean jardutea garrantzitsua da".

IMME elkarteak emakumeak ekonomikoki ahalduntzeaz gain emozionalki ahalduntzeko lanean jarraitzeko konpromisoa dute, emakume guztien artean elkarlanean aritzeko ametsari helduz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak