Lau emakume musikari ezagun dira; guztiak dira ama, trikitilari eta pandero-jole, eta, aspaldiko partez, taularen gainean dira berriz ere. Bakoitzaren izenaren lehen letrarekin osatu dute taldearen izena, AMAK; eta eurak dira: Alaitz Telletxea (Alaitz eta Maider), Maixa Lizarribar (Maixa eta Ixiar), Amaia Oreja (M-n Ezten) eta Kristina Solano M-n Ezten).
Abenduaren 23an Arrasateko Amaia antzokian izango dira, 19:30ean. Sarrerak hamar eurotan eros daitezke leihatilan eta Arrasate.eus atarian.
Jarraitzeko gogoak bultzatuta
Orain dela urtebete, Oñatiko trikiti jaialdian elkarrekin parte hartzeko gonbidapena jaso zuten, eta hala hasi zirela kontatu du Arrasateko Trikititxa Eskolako zuzendari Maixa Lizarribarrek: "Jaialdirako saioa prestatzeko gelditzen hasi, eta oso gustura sentitzen ginen. Oñatiko saioa pasatu zenean beste bat etorri zen ondoren, eta beste bat geroago... Gauza txikiak egiten gustura sentitzen ginen, eta elkarrekin gozatzeko aukera ematen zigun ekimenak. Deiek etortzen jarraitu zuten eta udazkenean telebistara joateko proposamen bat izan genuen, eta horren bueltan lehertu egin da dena. Guk lasai joan gura genuen, baina espero baino eskaera gehiago ari gara jasotzen, eta, horren eraginez, presa handiagoa sartu zaigu".
Oso gaztetatik ezagutzen dute elkar; honela dio Lizarribarrek: "Aspaldiko lagunak gara, 80ko hamarkadan ezagutu genuen elkar, pentsa! Ixiarren ahizpak, Amaiak, 11 urte zituen ezagutu nuenean, eta Krisek 12 izango zituen orduan. Alaitz plazetan ezagutu nuen, eta kuriosoa da: gerora jakin dugu irakasle bera izan genuela. Garai hartan, bakoitzak talde bat genuen eta jaialdi eta plaza askotan egiten genuen bat; AMAK aitzakia perfektua da aspaldiko lagunak berriz elkarrekin egoteko".
Kantu ezagunen moldaketak
"Txorakeriarik ez, 40ak pasatuta ditugu". Saioak esaldi horrekin, umorez, hasten dituzte: "Lau ahots, lau soinu txiki eta lau pandero, hori da AMAK. Gauzak sinpletasunean eta naturalki egiten ditugu, hori da gure helburua. Konbinazio ezberdinak egiten ditugu kanturik kantura; hau da, kantu batzuetan, laurok trikitia dugu eskuetan; beste batzuetan, lau pandero; eta beste hainbatetan, bi soinu eta bi pandero.
Hamaika erromeriatan ibili izan dira aurrez; horregatik, etiketa hori dute, baina AMAK beste zerbait dela gaineratu du: "Kantu asko dantzagarriak dira; beraz, jarlekutik altxatu eta dantza egin nahi duenak arazo barik egin dezake; eskaintzen duguna gustuz eta mimoz egin dugun kantuen aukeraketa bat da, eta ez erromeria bat".
Kantu berriak sortzen ere ari dira poliki-poliki; momentuz, horietako bi bakarrik dituzte errepertorioan. Gainontzekoak euren kantu zaharren moldaketa edo bertsioak dira. "Denbora larriarekin ari gara; hortaz, berriak sortzen baino gehiago, errepertorioa osatzen ari gara, bereziki. Ez dakit nostalgia atera dugun kaxatik, baina gure kantuen bertsioak egin ditugu. Bakoitzak bere taldean izan dituen kantuak moldatu ditugu, elkarren artean nahastuz. Hau da, adibidez: Alaitz eta Maiderren kopla batekin hasi eta, segidan, Maixa eta Ixiarren beste bat txertatu diogu. Horrez gainera, kantu tradizionaletik hartutako fandango nahasketa batzuk ere jotzen ditugu, eta baita abesti herrikoiak ere".
Diskoa ateratzeko gogoz
Pausoz pauso joan gura dute, ez da samurra lauren agendak ondo uztartzea, eta, horregatik, ez da euren asmoa, momentuz, kontzertu askorik eskaintzea. "Dozena bat inguru izango dira; oraindik ez ditugu guztiak lotu, baina aurrera dezaket martxoan Bergaran izango garela".
Ez dute diskorik argitaratu oraindik, baina, Lizarribarrek dioenez, ez gogo faltagatik: "Denboraren esklabo gaude une honetan; beraz, ezin. Baina grabatzeko eskaera egin digute, eta aurreko batean Durangoko Azokan lagun batek honela esan zidan: 'Datorren urtean zuek hemen'. Eta egia da grabatu nahi dugula, eta hala egingo dugu, hori da asmoa, baina ez dugu presarekin egin nahi, lasai eta disfrutatuz baizik".
Egin zaitez bazkide
Puntua etxean jaso nahi duzula? Egin bazkide! Orain, 30 euro bakarrik!!