Barruko istorioak ironiarekin kontatuta

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko abe. 13a, 11:43

Utzi zure mezua seinalearen ondoren izeneko antzezlana taularatuko du Ttanttaka antzerki taldeak domekan, 19:30ean Amaia antzokian. Lau emakume aktore dira protagonista, horien artean, gaur, egubakoitza, Arrasate Irratiko Igo Autobusera! gonbidatu duten Mireia Gabilondo Bergarako aktorea.

Arantza Portabalesen liburu batean oinarritutako antzezlana da Ttanttaka antzerki taldeak 2019ko urrian estreinatu zuena. "Idazleak dioen moduan, norbaiti berba egiteko modu bat da, nahiz eta jakin ez dizula erantzungo. Entzungo duenaren esperantzarekin uzten da, behintzat, mezua. Gaur egun, beste erreminta batzuk ditugu eta geroz eta ohitura gutxiago dago horretarako, baina…", azaldu du Mireia Gabilondok, antzezlaneko protagonistetako bat den aktore bergararrak. Oihana Maritorena, Miren Arrieta eta Leire Ruiz izan ohi ditu bere ondoan, baina, oraingoan, Sara Cozarrek hartuko du azken horren lekua.

Portabalesek egin duen hautua ez da norbaitekin hitz egitea, baizik eta emakume bakoitzaren bakarrizketa. "Nahiz eta guk gero nahastu egin ditugun taularatzerakoan", Gabilondoren esanetan. "Galiziako herri txiki batean girotuta dago istorioa. Lau emakume gara eta guztiok gabiltza guztiona eta inorena ez den etxe batean bueltaka, nahiz eta gure artean ez daukagun harremanik; hasiera batean, behintzat. Nork bere bakardadetik lau erantzungailutara hitz egiten du, lau gizonezkori, bakoitzak testuinguru ezberdin batetik eta gauza ezberdinak esateko".

Oraingoz, "harrera ona"

Bergararrak azaldu duenez, oso barruko istorioak kontatzen ditu lanak, momentu txar bat pasatzen ari diren lau emakumerenak. "Hala ere, laurek aurrera egiten dute eta badauka esperantza puntu hori. Tonu berezia eta pertsonala dauka Portabalesek, eta, nahiz eta gauza pertsonalak izan, umore puntu bat ere badauka, ironiarekin hitz egiten baitu. Beraz, barruak apur bat mugituta ateratzen dira ikusleak, baina, era berean, bizitzaz beteta ere bai. Negar tanta batzuk ateratzen ditu obrak, baina baita irribarre gutxi batzuk ere".

Urrian estreinatu zen, eta "sentsazio onak" dituzte, "harrera ona" izaten ari dira, oraingoz, euskaraz zein gaztelaniaz.

Sarrerak Arrasate.eus webgunean daude salgai, 10,9 eurotan. Nolanahi ere, agortzen ez badira, leihatilan ere egongo dira salgai, egunean bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak