Humanismoa eta enpatia izan ditu hizketagai Ane Irazabal kazetariak

Maialen Santos 2019ko aza. 28a, 15:52

Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak ezohiko batzarra egin du asteon, elkartearen estatutuak aldatzeko. Batzarraren ostean, Ane Irazabal kazetari arrasatearrak hartu zuen hitza; gatazka politikoen arloan pertsonek duten garrantzia izan zuen hizpide.

Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartekoek eguaztenean egindako ezohiko batzarra aprobetxatu zuten, ostean, Ane Irazabali hitza emateko. Elkarteko idazkari Mikel Lezamizek azaldu bezala, pertsonekiko duen "konpromisoagatik" gonbidatu zuten kazetaria hitzaldia ematera. "Elkartearen filosofiaren baitan pertsonak daude, eta horiek gizartean integratzeko egiten dugu lan. Irazabalek ere humanitate hobe baten alde egiten du lan", azaldu zuen.

Hain zuzen, pertsonei buruz hizketan jardun zuen kazetariak, fenomeno bat kontatzeko, horrek pertsonengan duen "eragina" kontatzea garrantzitsua dela iritzita. Hala, azken egunetan kubritzea tokatu zaion gertakari bati erreferentzia eginez abiatu zuen hizketaldia. Aita Mari ontziak egindako azken erreskateari buruz zera esan zuen: "Bidegabea da ontzia ehunka pertsonarekin itsasoan egon behar izatea; adostasunik ez dagoenez, Europaren erantzun baten zain".

Gatazka politikoen inguruan lanean jardun du azken urteetan, eta pertsonalki ezagutu dituen lau pertsonaren kasuak kontatu zituen, beraiei "ahotsa" eman nahian. "Errefuxiatuez edota gatazka politikoez ari garenean, garrantzitsua da protagonistei hitza ematea", argitu zuen. Gaineratu zuenez, kasu errealak ezagutzeak beraienganako "enpatia" eta "gertutasuna" sortzeko balio du, hala ezean, arazoak urrun ikusten direla uste baitu. "Fenomenoak kontatzeko pertsonak izan behar dira jomuga".

Dokumentala, estreinatuta

Azken urteetan kazetari freelance gisara lanean dabil arrasatearra, baina besteak beste, azken urtea dokumental berri bat filmatzen pasa du. Awlad izena daraman lanak –arabieraz, haurrak– atzo ikusi zuen argia Bilboko Zinexit giza eskubideen jaialdian, eta gaur, ostera, Gasteizen estreinatuko dute. Dokumentalaren funtsari dagokionez, lau haur errefuxiatuk nork bere herrialdean egunerokoan daraman bizitza azaltzen du. "Eskolaratzeak haurtzaroan duen eragina aztertu dugu; baita etorkizunean nolako eragina izango duen ere". Gaineratu duenez, toki batean edo bestean bizitzea ez da berdin. "Haurren garapen pertsonalean eta heldutasunerako bidean berebiziko garrantzia du norberaren bizilekua zein den jakiteak".

Estatutuak, eguneratuta

Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteko kideek hainbat gai jorratu zituzten batzarrean, baina batik bat, elkartearen Estatutu Sozialak aldatzeko baliatu zuten hitzordua. Mikel Lezamizek azaldu duenez: "Euskadiko Elkarteen Erregistroak aldaketa bat egin zuen bere garaian, eta, beraz, gure elkarteko Estatutuak horretara egokitu behar izan ditugu". Elkarteko 40 kide bildu ziren, guztira, batzar horretan, baina bertaratu ezin izan ziren beste askoren babesa ere jaso zuten: "Elkarteko beste 70 kideren babesa jaso dugu idatziz, errepresentazioa eman digute; nork bere sinadurarekin".

Horretaz gain, elkarteak daraman izena ere izan zuten hizpide. Hain zuzen, aste honetara arte Arizmendiarrietaren Obraren Lagunak Elkartea zen elkartearen izen ofiziala, baina izen hori "inoiz" erabili ez dutela argudiatuta, Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartea moduan izendatu berri dute; hitz bat kendu diote, alegia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak