Eneko Barberena: "Hurkoari gertatzen zaionarekiko ez gara sarritan enpatikoak eta gura nuen jakin zergatik"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko aza. 6a, 13:54

Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak bultzatzen duten Agustin Zubikarai saria eskuratuta urtebete izan du Eneko Barberena arrasatearrak eleberria idazteko.; dagoeneko liburua kalean da eta, gaur, eguaztena, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan aurkeztuko du, 19:00etan. Arrasate Irratiko gaurko Igo Autobusera! saiora gonbidatu Barberena.

Kontakizun futurista eta distopikoa egin du Eneko Barberenak kaleratu berri duen lanean, migrazioaren eraginei hainbat ikuspuntutatik begiratuta.

Ez zara idazten hasiberria, baina lehenengo eleberria duzu. Gustura?

Ez naiz hasiberria, baina halako entitatea duen lan bat aurkezten dudan lehenengo aldia da, eta, oro har, oso pozik nago.

Lehiaketa bat irabazteak bultzatu zaitu oraingoan liburua idaztera.

Bai, eta urte honetan zehar as-kotan pentsatu dut ez banuen konpromiso hori edukiko benetan zaila egingo zitzaidala aurrera egitea egitasmoarekin egunerokotasunak mila gauza ipintzen ditu-eta aurrean.

Distopia bat eraiki duzu, balizko gizarte bat, zelakoa?

Hari mutur bati heldu diot eta horrek 11 urtera gertatzen den zerbaitera eraman nau. Hari mutur hori gaur egungo egoera larri bat da, emigrazioarekin Mediterraneo itsasoan gertatzen dena. Hari eutsita heldu naiz etorkizuna apur bat irudikatzera. Ez da nire ahalegina izan profeta lana egitea, gura nuena fikzio tresnak erabiliz hari bati tiratzea zen eta.

Emigrazioari, baina, ikuspegi ez-berdinetatik begiratu diozu, ezta?

Bai; bereziki, gai horren aurrean guk egiten duguna aintzat har-tuta. Dena ez da beltz edo zuri; bizitzaren beste hainbat alorretan moduan, tonu gris asko dago. Jabe naiz badagoela, oro har, laguntzen duen jendea, baina, era berean, indiferentzia handia dagoela uste dut, batzuentzako opor-leku eta beste batzuentzako tragedia-leku den itsasoan.

Europako Batasunak Afrika iparraldea inbaditu du, baina gerraren kontaketatik harago zoaz.

Istorioa finean da zelan iritsi gaitezkeen batzuetan gauza batzuk egitera justifikazio ahulekin. Badago gerra bat, baina, batez ere, gerra horrek modu ezberdinetan eragiten dien pertsonak daude nobelan.

Indiferentziaren galderatik abiatuta eta erantzunen bila idazten hasi zinela esan izan duzu.

Hala da; batzuetan hurkoari gertatzen zaionarekin ez garela enpatikoak iruditzen zait, eta hori zergatik den nahi nuen jakin.

Hori horrela, Afrikan eta etorkizuneko Arrasaten kokatu duzu. Badu gaur egungo herriarekin antzik?

Bai eta ez. Arrasaten kokatu dut istorioa, uste dudalako Arrasate ezagutzen dudala eta detaile txikietan konfiantza dudalako; hasieran, Donostian kokatzeko saiakera egin nuen, baina ziurrera jo nuen gero. Batzuek esaten dute Arrasateren antza duela; bada, ez dakit, beste toki batean ere gerta zitekeen.

Eider eta Aitor Arrasateko bikotea dira protagonistak. Arduratuta daude Afrikan gertatzen denarekin?

Tristea da, baina nik uste dut larregi ezetz. Modu ezberdin batean heltzen da bakoitza egoera horretara; Aitorren partetik ibilbide bat ikusten dut, sinis-tetik ez sinistera, eta horrek dakarren utzikeria, eta Eiderren kasuan, gehiago esango nuke, olatuak eramaten uzten dela.

Zelakoak dira?

Eider herriko liburutegiko langilea da eta Aitor Gasteizko eskola publiko bateko irakaslea. Gauza zirraragarri handirik ez zaiela gertatzen esango nuke, baina, era berean, euren bizitzak aldaketa sakonak ditu, eta alda-keta sakon horiek zehetasun txikietan zelan ikusten diren ahalegindu naiz frogatzen.

Horiez gainera, badago istorioan hirugarren ahots bat ere, Afrikako gerratik datorrena, ezta?

Hala da, bai; Debagoiena konpainiaren egunerokoan blogean soldaduek idazten dituzten kronikak ere tartekatu ditut. Hori sortzeko, I. Mundu Gerran idatzitako gauzak irakurtzen ibili naiz, bereziki, iparraldeko soldaduek idatzitakoak, eta baita Aljeriako gerran idatzitako kronikak ere; ikuspegi horrek duen puntu martzial eta gordinak bikotearen istorioari kontrapuntua jartzen lagundu dit.

MEDITERRANEO ITSASO INGURUAN GERTATZEN DENARI TIRAKA SORTUTAKO ISTORIOA DA

Elkar-eko editore Xabier Mendigurenek dio gertakari asko daudela, baina, aldi berean, gogoetek pisu handia dutela. Bat zatoz?

Sortutako pertsonaiak pertsona izaten saiatu naiz; hortaz, euren kritikak egiten dituzte, eta kontraesanak ere badituzte. Bat guztiz ozpinduta dago, eta ikuspegi horretatik ikusten du dena. Pertsonaia erreflexiboak dira.

Azalak ere merezi du aipamena; bitxia da oso, 3D formatukoa.

Egia esan, Elkar-eko diseinu ekipoaren iradokizuna izan zen, nik askoz klasikoagoa den irudia nuen buruan, baina diseinatzaileek liburua irakurri zutenean 3D betaurrekoen aukera proposatu zidaten, eta nahiko portada indartsua da, bai.

Hedoi Etxarteren hitzaurrea ere ez da nolanahikoa.

Bi arrazoirengatik pentsatu nuen Etxarteri eskatzea: batetik, Arrasateko Udalak frankismoko krimenei buruz atera zuen libururako idatzi zuen hitzaurrea asko gustatu zitzaidalako; eta, beste-tik, badakielako punta ateratzen eta Arrasate ezagutzen duelako.

Nori gomendatuko zenioke?

Euskaraz irakurtzeko ohitura daukanari eta ez daukanari ere bai; forma aldetik saiatu naiz oso konplikatua ez egiten. Eta baita ekintza nobelak baino gehiago beste erritmo bat eta arnas bat daukaten istorioak gustuko dituzten irakurleei ere.

Beste proiekturik esku artean?

Badut argitaratzeko moduko zerbait, baina ez nau larritzen; bitartean, idazten jarraituko dut asko entretenitzen nauelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak