Bi mozio onartu arren, eztabaida giroa nagusi

Xabi Gorostidi 2019ko aza. 5a, 22:09

EAJk aurkeztu du bat, Gipuzkoako adinekoen egoitzetako lan-gatazkarekin lotuta, eta bestea, ordea, EAJk eta EH Bilduk Kataluniako Proces-ari buruz. Galde-eskeetan bi herritarrek hitz egin dute –erreka isurketei eta AHTko lanei buruz– eta oposiziotik "erantzun konkretuak" ez ematea kritikatu diote Gobernuari. 

Eztabaidatsua izan da azaroko osoko bilkura. Eguneko puntuak ia interbentziorik gabe onartu dira, baina mozioetan eta galde eskeetan heldu dira alderdien arteko tirabirak.

Adinekoen egoitzetako mozioa

Arrasateko EAJk hiru puntuko mozioa aurkeztu du Gipuzkoako adinekoen egoitzetako lan gatazkan konponbideak eskatzeko. "EAJtik adeitasuna eta laguntza eskaini nahi dizkiegu Iturbide egoitzako langileei eta egoiliarrei. Hauteskunde giroan gaude, baina gai hau ez da Udal eskumenekoa, beraz, ez dezagun demagogiarik egin" adierazi du talde jeltzaleko bozeramaile Anuska Ezkurrak.   

[Mozioa osotasunean irakurtzeko egin klik hemen]

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek gai horri buruz Batzar Nagusietan adostutako testua irakurri du Maider Morrasek, eta ostean EAJri erantzun dio. "Langile hauen ratio baxuak Jaurlaritzako dekretu batek ezartzen ditu, eta gaia konpontzeko finantziazioaren ia %90a Gipuzkoako Aldundiari dagokio.  Beraz, esan dezakezue hau ez dela Arrasateko EAJren eskumena, baina EAJren eskumena da. Hori da demagogia". Elkarrekin Podemoseko Igor Urizarrek gaineratu du, "hipokresia" dela, "Martxoaren 8an argazkien aurrealdean egotea, eta emakume langileen prekarietatea sustatzea".

Oscar Garciak hitza hartu du, esateko, mozioa ez dela Udal Gobernuarena, EAJrena baizik, eta alderdi sozialistaren atea jo ez izana leporatu dio oposizioari. Maider Morrasek erantzun dio gaia bozeramaileen batzordera eraman zutela, eta hark ere ez duela oposizioaren atea jo.

Botatzeko orduan, Ubarretxena alkatearen botoa erabakigarria izan da. EAJk alde botatu du, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurka, eta PSE-EE abstenitu egin da. Hala, bederatzi aldeko boto eta bederatzi aurkako izan dira, eta bigarren bozketan alkatearen kalitatezko botoari esker egin du aurrera mozioak.

Kataluniako mozioa

Arrasateko bi alderdi botatuenek –EAJk eta EH Bilduk– Kataluniako politikariak zigortu dituen epaiari buruzko sei puntuko mozioa aurkeztu dute, besteak beste, "justifika ezina" dela esanez, presoak aske uztea eskatuz, eta hauei eta erbesteratuei elkartasuna adieraziz. Mozioak PSE-EEren "harridura" eragin du, bere gobernukide EAJk "Arrasaterekin loturarik ez duten mozioak" ez babesteko ohitura zuelako, eta euren ustez "EAJ Kataluniako biolentzia babesten ari delako".

Oscar Garcia Kataluniako prozesuari buruz hizketan.


[Mozioa bere osotasunean irakurtzeko, egin klik hemen]

EAJtik erantzun dute esanez, eurak "beti-beti" egon direla "biolentziaren aurka", eta Ezkurrak gehitu du sententzia "anti-demokratikoa eta gehiegizkoa dela".

EH Bilduko Maider Morrasek Altsasuko gazteen epaiaren "mendeku" kutsua ikusi du Kataluniakoan, eta horren aurka "alderdiek batuta" erantzutearen beharra nabarmendu du". 

Elkarrekin Podemoseko Igor Urizarrek, besteak beste, Bilbon eta Gasteizen egindako protestetako atxilotuak ekarri ditu gogora. 

Galde eta eskeak

Bi herritarrek hartu dute hitza. Piter Encinas, EH Bilduko zinegotzi ohia, izan da lehena eta irailean eta urrian "AHTko lanetatik ustez Deba ibaira egindako isurketa" batzuei buruzko azalpenak eskatu ditu. Hirigintza zinegotzi Ibon Arrupek erantzun dio ez dutela konstantziarik urriko isurketari buruz, eta kasu horietan protokoloa aktibatzen duela Udalak, "nahiz eta errekena ez den Udal eskumen bat". 

Piter Encinas hitza hartu duen unean.

Bigarrena, Gorka Gonzalez izan da. Gesalibar inguruan AHTko lanak egiten dituen UTE enpresari emandako baimenei buruz hiruzpalau eskari jarri arren, Udaletik erantzunik  jaso ez duela adierazi du.
[Gesalibarreko bizilagun honen kexei buruz Goiena Aldizkarian idatzitako artikulua irakurtzeko, egin klik hemen]

Amaieran, EH Bilduk salatu du Gobernuak 14.000 euro bideratu dizkiola enpresa bati "hauteskunde programa exekutatzeko". "Zuen programa betetzea Gobernuko zinegotzien lana da" azaldu du Morrasek. EAJko Ezkurrak erantzun dio: "Gobernutik askotan eskatzen ditugu aholkularitza teknikoak: euskara plana egiteko, kirol plana egiteko, gai juridikoak aztertzeko... eta kasu honetan aholkularitza bat behar dugula uste dugu".    

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak