Arrasateko Udalarekin batera, Goiener, H-Enea Living Lab, Mondragon Unibertsitatea eta Debagoiena 2030 Berrikuntza Plataforma arituko dira proiektuan elkarlanean eta beraien esperientzia ematen. Lau urteko iraupena izango du proiektuak eta bi fasetan banatuko da: lehen fasean, egoeraren azterketa egingo da, ekintza-planaren definizioarekin batera eta bigarren fasean, berriz, ekintza-plana gauzatzen hasiko da.
Helburuak
Maria Ubarretxenak azaldu bezala, proiektu hau 2018an aurkeztu zuen Arrasateko Udalak eta aurtengo maiatzean iritsi da parte-hartzearen konfirmazioa. Hala, proiektu honek hainbat helburu izango ditu: Nazioko eta eskualdeko politikak hobetzea, energia-iturri berriztagarrien kuota handitzeko, energia-mixaren barruan, energia-iturri berriztagarrien ekoizpena eta kontsumoa sustatzea, energia berriztagarri zein teknologia berrietan enpresen inbertsioa sustatzea, energia-kontsumitzaileen inplikazioa handitzea eta iturri alternatibo gisa erabiltzeak dakarren beharraz eta aukeraz gehiago jabetzea eta kontzientziatzea.
Parte-hartzaileak eta aurrekontua
Arrasateko Udalarekin batera, Europako beste eragile batzuek parte hartuko dute proiektu honetan: hiru unibertsitate, hiru agentzia publiko eta eskualdeko gobernu bat. Hala, proiektu hau aurrera eramateko aurrekontu orokorra 1.844.165 eurokoa da eta Arrasateko Udalari 164.448 euro dagozkio. Ubarretxenak honakoa adierazi du azken honen harira: "Udalari dagokion aurrekontutik, 22.974 euro Interreg Europe Programak ematen du eta gainontzekoa Udalaren funts propioak izango dira".
Ekarpenak
Udalaren esanetan, proiektu honen parte-hartzeak hainbat ekarpen egingo dizkio herriari: hiri-espazioak eta herritarren bizi-kalitatea hobetzea, 4/2019 Jasangarritasun Energetikoaren Legearen garapena udalerrira egokitzea, CO2 isurketak murrizteko proiektuak ezartzea, energia berriztagarriekin lotutako teknologia berrien garapenean berrikuntza sustatzea, herritarrak, eragile sozialak, ekonomikoak eta kulturalak klima-aldaketaren ondorioez jabetzeko informazio-kanpaina bat abian jartzea, Arrasate, eskualde mailan zein Europa mailan, tokiko energia berriztagarriak sustatzeko politiken garapenean erreferente gisa kokatzea eta enplegatu publikoen ezagutza-maila hobetzea. Hau guztiaren harira, Ubarretxenak honakoa adierazi du: "Arrasaten ere badaukagu aldaketa klimatikoarekiko zer egin eta horretan erreferente izaten saiatuko gara".