Migrazioa eta harrera sarea hizpide Kulturaten

Maialen Regueiro 2019ko urr. 23a, 21:44

Debagoieneko Ezker Kultur Guneak antolatuta, migrazioa eta harrera sarea izan dira hizpide Kulturaten. Gai hori jorratzeko gainera, hainbat hizlari izan dira hitzaldian: Ikram Bouzalmat marrokiarra, migratzaile gisa; Javier Canibell eta Elena Valverde, CEAR-Euskadi erakundetik eta Arantza Gonzalez, Elkarrekin Gipuzkoatik.

CEAR-Euskadi

Javier Canibell eta Elena Valverdek CEAR-Euskadik egiten duen lanaren berri eman dute. Canibellek arlo juridikoa izan du hizpide eta Valverdek berriz, erakundeak migratzaileei harrera egiteko jarraitzen duten prozedura azaldu du, honakoa adieraziz: "Migratzaileei harrera egiten diegunean, lehenik eta behin pertsona horren egoera psikologikoa eta osasuna aztertzen ditugu". 

Ikram Bouzalmaten esperientzia

Ikram Bouzalmat, Arrasaten bizi den gazte marrokiarra da eta gai honen harira, bere esperientzia pertsonalaren berri eman du. Bouzalmatek aipatu du, "migrazioaren gaia zoritxarrez, arazo gisa aurkezten da gizartean eta askok horrela ikusten ez duten arren, inork ez du bere herrialdea uzten nahi duelako, kasu askotan ez da beste aukerarik egoten. Azken batean, egun batetik bestera guztia utzi eta ezagutzen ez duzun beste toki batera joan behar duzu eta hori ez da batere erraza".

Horrez gain, Bouzalmatek Arrasaten gertatutako bizpahiru istorio aipatu ditu, integrazioari dagokiona batetik eta beloa eramatearena bestetik. Bi istorio horiek gogoratzean honakoa aipatu du: "Askotan herritar baten begirada soil batek atzerritzarra naizela gogorarazten dit". 

Azkenik, gazte marrokiarrak adierazi du, horrelako gaiak jorratzen diren hitzaldiak beharrezkoak direla eta horren harira, Arrasateko Emakume txokoak egiten duen lana goraipatu du, besteak beste. 

Datuak eta adibideak

Hitzaldiaren amaieran, Arantza Gonzalezek hartu du hitza eta migrazioari dagozkion hainbat datu eman ditu, besteak beste, 2019an momentuz, 1.000 pertsona inguru hil direla Mediterraneo itsasoa zeharkatu nahian. Horrez gain, Open Arms edota Aita Mari bezalako esperientziak izan ditu hizpide Gonzalezek. Baina arazo honen arrazoia zein den ere aipatu du, izan ere, Gonzalezen esanetan, "kapitalismoak eta enpresa multinazionalen interesek eraman gaituzte egoera honetara". 

Erakusketa ikusgai

Gauzak horrela, urriaren hasieratik urriaren 28ra bitartean, ikusgai egongo da, Arrasateko Aldai kaleko bederatzi zenbakiko gelan, gai honi buruzko erakusketa. Lau erakundek (Sodepaz, El Salvador Elkartasuna, OCSI eta Mugarik Gabe Nafarroa) osatu dute 10 taulatan osatuta dagoen erakusketa hau. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak