Asko izan dira Etxezarreta ingurua ezagutzera gerturatu diren herritarrak

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko urr. 13a, 16:22

Pozik daude antolatzaileak. "Egia esateko ez genuen hainbeste jende espero", adierazi du Besaideko presidente Eñaut Iturbek. Bisita gidatuaren lehen zatia egin duen Jose Mari Velez de Mendizabalek, berriz, eremuak duen balioa nabarmendu du. "Hemen ondare garrantzitsua dago. Txukundu, atondu eta ahalbidetu egin behar da". 

Potentzial handiko eremua da Etxezarreta, eta herritarrei ezagutzera emateko mendi ibilaldia, bertsolariak, haurrentzako jolasak, Arrasate Musikaleko ikasleen kontzertua eta hiru atal izan dituen bisita gidatua gertatu dituzte Arrasateko Udalak, Besaide Mendizale Elkarteak eta Naturtzaindiak elkarlanean.

"Mendi bueltan jende dezente egon gara, eta kaletik kalejiran etorri direnak ere asko izan dira. Ematen du jendeak interesa duela ezagutzeko Etxezarreta zer den", azaldu du Besaideko presidente Eñaut Iturbek. "Urte askoan utzita egon da, eta zegoen guztia ez da mantendu baina lorategi botaniko garrantzitsua du eta ingurune aberatsa da. Arrasate baten haltzadia mantentzen den leku bakarra da, eta harizti txiki bat ere badago", esan du.

83 hektareako eremua da Etxezarreta, eta kontserbaziora bideratuko da gehiena Iturbek aurreratu duenez. Arrasateko Udalaren jabetzakoa da orain, eta balioan jartzea da asmoa.

Etxezarreta familia

Inguruko landaredia eta eremu naturala ezagutzeko aukera izan da eguerdiko bisita gidatu berezian. Jose Mari Velez de Mendizabalek, berriz, Etxezarreta familiaren inguruan egin du berba. Sevillakoa zen Rafael Ariza Espejo. Sendagilea zen eta Severina Etxezarretarekin ezkontzeak ekarri zuen, besteak beste, Arrasatera.

Gaur egun Etxezarreta moduan ezagutzen den ingurunean egin zuten etxea, eta bertan egin zuten bizimodua bai Ariza-Etxezarreta senar-emazteek bai haien seme-alaba Rafael eta Severina Ariza Etxezarretak.

Sendi jantzia, ikasia, eta diruduna zela azaldu du Velez de Mendizabalek, eta inbertsio handiak egin zituztela Etxezarreta eremuan. Lorategi botaniko garrantzitsua osatu zuten, eta Rafael Ariza Etxezarretaren heriotzaren ostean hilabete lehenago esposatutako emaztearen sendiak jaso zuen eremua oinordetzan. Apurka-apurka hondatzen joan zen. "Monterron eta Santa Barbara eremuekin gertatu zen moduan garrantzia kendu zitzaion parke honi. Berreskuratzeko ekimen honek indar handia du. Uste dut gero eta hurbilago izango dugula Etxezarreta eremua Arrasateko gizartetik", esan du Velez de Mendizabalek. "Gaur egun Arrasatek dituen parkeei hau gehitzen badiogu hiruko angelu polita geldituko zaigu. Hemen aukera paregabea dago naturak eman digunarekin denok goza dezagun".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak