Olatz Salvador eta Paul Beitia, 'Ausortu' sormen laborategiko bigarren edizioan

Xabi Gorostidi 2019ko urr. 8a, 19:17

Ttak! taldearen eta Txatxilipurdiren ekimen honi esker puntako sortzaileen alboan ikasteko eta sortzeko aukera izango dute gazteek.  Aurtengoan saio gutxiago prestatu dituzte, partaideen adin tartea 15 urtetik 25  urtera zabaldu dute, eta Olatz Salvador eta Paul Beitia izango dira artista gonbidatuak.

Iazko lehen edizioko saioak ondo joan zirela ikusirik, bigarrenez antolatu dute Ausortu sormen laborategia. Aurtengoan, bi saio lotu dituzte gazteen sormen interesetatik tiraka: "Iaz bi diziplina artistiko landu genituen: arte plastikoa eta musika. Parte hartze saioak oso ondo baloratu zituzten, eta gazteei egin genizkien galderetatik hautatu ditugu aurtengo diziplinak: musika eta literatura". Horrez gain, parte hartzaileen adin tartea ere zabaldu dute: Iaz 15etik 19 urtera mugatu zuten, eta aurten, 15 eta 25 urte bitartekoek parte har dezakete.

Olatz Salvador eta Paul Beitia

Bi artista horiek izan dira Ausortu-ren bigarren ediziorako hautatutako sortzaileak.

Salvador, gitarra jotzen. (Argazkia: musikazuzenean.com)

Salvador musikari donostiarra da. Ikasketaz psikologoa da, baina txiki-txikitatik izan du musikarekiko harremana. Piano eta solfeo klaseekin hasi zen, eta gerora gitarra, baxua, harmonia eta ahots teknika ikasketak ere egin ditu. Skakeitan taldearen eskutik eman zituen lehen urratsak, eta orain bakarlari gisa ere dihardu. "Musika sorkuntza prozesu guztia aztertuko dugu, kantu bat nondik has daitekeen eta zein izan daitekeen amaitutzat eman arte egiten duen bidea".

Paul Beitia. (Argazkia: Berria)

Paul Beitia getariarra, aldiz,  literaturan aditua da. Euskal Ikasketetako irakasle da eta Lekore aldizkariaz arduratzen da 2015etik hona. "Idazteaz eta irakurtzeaz jardungo dugu, bi ekintza horiek modu kolektiboan baino ulertu ezin diren ideiatik abiatuta.

Saioak eta izen emateak

Egun osoko bi saio izango dira, beraz: musika tailerra urriaren 26an, eta literatura tailerra, aldiz, azaroaren 23an. Goizez eta arratsaldez egingo dituzte, eta horrez gain, artistekin bazkaltzeko aukera ere izango dute. 20 laguneko saioak izango dira gehienez. Izena saioa baino astebete lehenagora arte eman daiteke: online edo Txatxilipurdira edo AEDra deituz; 943 79 54 46 eta 943 77 12 28, hurrenez hurren. Saio bakarrak 15 euro kostatuko du, eta biek, ordea,  25.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak