Arrasateko azokaren egoera "jasanezina" dela salatu dute merkatariek

Josu Bilbao Atxutegi 2019ko ira. 27a, 13:35

"Azoka Bizirik" lelopean elkarretaratzea egin dute Arrasateko azokako merkatari eta erabiltzaileek. "Eraikina goitik behera datorkigu eta inor gutxiri axola zaio", adierazi dute merkatariek.

Postuetako lana alde batera utzi, eta elkarretaratzea egin dute azokako merkatariek, azoka aurreko plazan. Bertan, erabiltzaile ugari batu zaizkie, "Azoka Bizirik" lelopean, gaur egun azokak bizi fuen "egoera kaskarra" salatzeko.

Egin dituzten aldarrikapenen artean, Udalak ez duela "azokaz arduratzen zen erretiratutako udaltzainaren postua bete, eta saltzaile eta bezeroen kaltetan, irekiera ordua atzeratu dela" salatu dute. 

"Beste ekitaldi batzuk hobesten dira, hots herri bazkari bat, baserritarron lan ordutegia berriro murriztuz. Txokolatadak ahalbidetzen dira azoka eremuan, bertako komertzioren baten ihesa eraginaz. Jende berria bertara lan egitera etortzea ekiditen dute. Postu finkoak, ia denak dagoeneko hutsik daudenak, eta zaborra metatzeko erabiltzen dituzte. Eraikina goitik behera datorkigu eta inor gutxiri axola zaio", salatu dute merkatariek.

"Nabarmena da, herriko gune batzuetan dirua xahutzen den bitartean, azoka usteltzen hari dela", gaineratu dute merkatariek. "Badakigu higiezineko negozioaren mauka ederra dela azoka gunea, baina, bertako langile eta bezeroak ere herriaren parte gara eta adeitasuna merezi dugu. Azoka gune ederra utzi zigun arrasatear nabarmen batek, zabal eta argitsua, eta horrela jarrai dezan nahi dugu baserritarrok", azaldu dute elkarretaratzean irakurri duten aldarrikapenean.

Azkenik Arrasateko Udalari zuzendu dira merkatariak: "Azoka honetan gure jarduera errespetatzea nahi dugu. Ordutegi murrizketarik ez dugu nahi, baizik eta azokan, gure jarduera hobestea, beste ekintzen gainetik. Gainera, erretiratutako udaltzainaren lekua betetzea eskatzen dugu, eta azokan lan egiteko eskaerak zabor ontzira ez botatzea. Bertako eraikin eta instalakuntzak era egoki eta garbian jartzea eskatzen dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak