Etxezarreta ezagutarazteko eguna izango da urriaren 13a

Xabi Gorostidi 2019ko ira. 25a, 13:44

2018ko azaroan jabego publikoko bihurtu zen 83 hektareako eremua, eta horren potentziala herritarrei erakusteko, ekintzaz jositako goiz-pasa antolatu dute Udalak, Besaide Mendizale Elkarteak eta Naturtzaindiak; mendi ibilaldia, bisita gidatua, kalejira, bertsolariak, txalapartariak, haurrentzako ekintzak eta Arrasateko Musikalekoen zuzeneko musika izango dira jaiaren osagaiak. 

Epeletik San Prudentzioara bidean, erreka alboan kokatzen den naturgunea da Etxezarreta. 83 hektarea ditu, eta bertan kokatzen da Sagasti etxea baserri aitzindaria. Etxe berezia zen oso, munduko hainbat lekutako sagarrondoak zituelako, eta ganaduarentzako korta modernoa izateagatik ere; baldosak zituen barrualdean, eta baita animalientzat ur-hornidura sistema bat ere. Horrez gain, XIX. mendeko lorategi botaniko bat du, Sequoia Serpemvirens edo Cedrus Atlantica bezalako espezie bereziak dituena. 

Lursaila jabego pribatutik publikora pasatzean, bertako pinudiak kendu egin dira; horri esker, Etxezarreta mendi magalaren tontorretik Arrasateko, Bergarako eta Oñatiko herriguneak ikusi daitezke, eta pinuen ordez hariztia hedatzen hastea da asmoa. 

Bioaniztasuna kontserbatzeaz gain, herritarrentzako aisialdi gune izateko aukera ematen du Etxezarretak. Hala, naturgunea ezagutzera emateko, urriaren 13rako egitarau interesgarria lotu dute Udalak, Besaide MEk, eta Naturtzaindiak.

Egindako lanak, eta egiteko daudenak

Inguru hori atontzeko eta aisialdi gune bilakatzeko, jada hasiak dira lan batzuk egiten. Udal langileek hesi batzuk jarri dituzte, errekaren albotik segurtasunez pasatzeko, eta urriaren 13ra bitartean, garbiketa lan batzuk egingo dituzte. Horrez gain, Lexuri eta Jowon artistek mural bat margotuko dute, bidea autobide azpitik pasatzen den tokian. 

Lorategi botanikoa atontzeko, edota naturan jolasteko jarduerak jartzeko lan gehiago egin beharko dira aurrerantzean. Bere garaian lursaila erosteko konpromisoa hartu zuen Udalak eta Maria Ubarretxena alkateak adierazi du, aurrerantzean egin daitezkeen hobekuntzak egiteko konpromisoa ere hartzen dutela. "Eremu hau birika moduko bat da herriarentzat, eta hau atontzeko eta hobetzeko baliabideak jartzeko prest gaude" azaldu du. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak