Inun (musikaria): "Ezinbestekoa ikusten dut sortzaileok ere kultura ekitaldietara joatea"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko ira. 12a, 13:37

Arrasateko Udalak antolatzen duen Kulturate Akustikoak musika zikloaren bigarren asteburua izango da oraingoa; hori horrela, beste hiru kontzerturekin gozatzeko aukera izango da 20:00etan eta doan Kulturateko areto nagusian domeka bitartean. Mikel Inuntziaga, Inun, musikariak zabalduko du asteburua; Arrasate Irratiko Uda Giroan saioan izan da gaur, eguena.

Gustura zatoz Arrasatera?

Oso gustura. Irrikaz nago areto horretan jotzeko.

Izan zara sekula Kulturate Akustikoetan? Baduzu ohitura horrelako jaialdi eta zikloetara joateko?

Arrasaten ez naiz egon, baina bestelakoetan bai. Bilbon bizi naiz eta han eskaintza kultural handia dago, eta joateko ohitura dut, bai. Musikaria naizen heinean, euskal kultura asko kontsumitzen dut, eta oso gustura, gainera. Ezinbestekoa ikusten dut sortzaileok ere kultura ekitaldietara joatea.

Eskarmentu handia duzu musikan.

Nire ibilbide musikala ez da luzea, 2014an hasi nintzen modu serioan. Egia da, baita, urte gutxitan gauza asko egin ditudala, eta orain, 2019an, erabaki dut musikatik bizi nahi dudala.

Nola hartu duzu erabaki hori?

Agian, oso erromantikoa dirudi, baina norberak egin behar dio kasu barruan duen horri. Orain arte, kirol munduan aritu izan naiz lanean, baina, azkenaldian, hori musikarekin uztartu ezinik ibili naiz, eta, azkenean, erabaki dut gehien gustatzen zaidan horrekin geratzea, musikarekin.

Behin bide hori hartuta, zein da zure asmoa orain?

Kontzertuak emateaz gain, euskal musika munduan murgilduko naiz; hezkuntzan, batez ere. Nafarroan Musikariak Ikastetxeetan ekimenean ariko naiz, Euskaltzaindiko musika ziklo bat antolatzen ari naiz...

Hezkuntzan musikari tokia egiteari garrantzia ikusten diozu?

Gaurko gazteek gure kultura ezagutu behar dute, eta ikastetxe batzuetan, tamalez, ez da hainbeste zaintzen. Behar kontua da, eta oso gustura egiten dudan zerbait. Musika irakasteaz gain, euskal kultura sustatzea ezinbestekoa da.

Kontzertuei dagokienez, nola joan da uda? Eta udazkena nola dator?

Uda, nahiko lasai, oporrak behar nituen eta. Hala ere, eman ditut kontzertu batzuk, Okondon eta Bilbon. Aurrera begira, gaur, Arrasaten izango naiz, eta Mungian eta Bilbon baditut emanaldi batzuk lotuta.

Bihar, laguntzaile eta guzti zatoz Arrasatera.

Tronpeta-jotzaile fenomeno baten laguntza izango dut, bai: Sergio Mayoral. Oso laguna dut eta bai talde formatuan, eta baita bakarlari formatuan ere, askotan, bere laguntza izaten dut. Esan beharra daukat asko maite dudala formatu ezberdinetan jotzea, bakoitzak bere berezitasunak dituelako.

Nola deskribatuko zenuke zure musika?

Nire abestiak, oro har, energia handikoak dira, bihotzetik ateratakoak, eta ni neu ere energia handikoa naiz, kanta geldoak abestu arren. Estilo desberdinetatik edaten dut, baina nik egiten dudana popa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak