Hezurbeltzak taldearen emanaldia domekan, Udazabal egitaraua borobiltzeko

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko uzt. 26a, 12:46

Uztaila kultur ikuskizunez bete duen Udazabal egitarauak egin du bere bidea, baina ez du agur esango azken kartutxoa erre gabe: domekako Hezurbeltzak ikuskizuna; Arrasate Irratiko Uda Giroan saioan elkarrizketatu dute taldeko kide Gorka Hermosa akordeoi-jolea.

Musika eta testua uztartzen dituen ikuskizuna da Hezurbeltzak. Jon Maia bertsolariak, Piti gitarristak eta Gorka Hermosa akordeoi joleak hartzen dute bertan parte eta domekan geldialdia egingo dute Arrasaten: Aldai parkean, 20:00etan.

Nondik sortu zen Hezurbeltzak ikuskizuneko hirukotea?

ELE! Lorca-Lauaxeta antzezlanean elkarrekin aritu ginen. 30 saio baino gehiago egin ostean, oso harreman ona sortu zen gu hiruron artean, eta horri jarraipena emanez jaio zen Hezurbeltzak ikuskizuna. Arrasatetik gertu, Oñatin, bi asteko epean birritan aritu ginen: bata ELE! Lorca-Lauaxeta-rekin, eta ostean, 100 metroko distantziara, Hezurbeltzak-ekin.

Izan al zarete Arrasaten?

Bai. Niretzat, oso kontzertu berezia izango da, urtero joan bainaiz Akordeoi Lehiaketa bertatik bertara ikustera. 31 urtez jarraian, konkretuki. Horrez gain, urte hauetan izan ditudan bestelako proiektuekin behin baino gehiago etorri izan naiz Arrasatera.

Hezurbeltzak proiektuari helduz, ez da kontzertu soil bat, ezta?

Jon Maiak dioenez, mundua aldatzeko kantak egiten ditugu. Ez dakit horrenbesteraino iristen garen, baina gure mundu txikian eragiten ahalegintzen gara. Jon Maiaren gurasoak eta nireak kanpotik Euskal Herrira etorritakoak dira, eta gure sustraiei begira egiten ditugu kantak. Nire familia, adibidez, Extremaduratik eta Segoviatik etorritakoa da. Hala ere, gu euskaldunak gara, eta euskaraz egiten dugu gure lana, besteak beste, euskal kultura munduan zehar zabalduz. Gure abueloak eta abuelak goraipatzen ditugu, kanpotik hona egin zuten bidaia ez zelako batere erraza izan. Baina, horri keinu egiteaz gain, euskal kultura ere goraipatzen dugu, bien arteko zubiak eraikiz.

Arrasate bada abuelo eta abuela asko dituen herri bat; beraz, ikuskizun gertukoa izan da askorentzat...

Baliteke, bai. Nire kasuan, gainera, Arrasatera etorritako lehengusu batzuk ditut. Espektakulua ikustera etorri diren gehienek esan digute oso hunkituta irten direla. Kantuez gain, Jon Maiak testuak ere irakurtzen ditu, eta kanta eta kanta artean benetan trebea da jendea hunkitzeko orduan. Jakitun gara gure familien istorioa kontatzen dugunean Euskal Herrian dauden familia askoren istorioa kontatzen ari garela, euskaldun askok baitugu kanpotik etorritako abuelo bat.

Garai zailak bizi izan zituzten horiei aitortza txiki bat da?

Azken finean, jende gutxik uzten du bere sorterria plazeragatik. Gure aitona-amonei, Espainiako hegoaldetik iparraldera joatea tokatu zitzaien; Lorcaren lurraldetik Lauaxetarenera. Gaur egun, ordea, mugimendu horiek ez dira eten. Lehen baino luzeagoak dira, Mediterraneo itsasoa izaten duten erdibidean. Gure familien istorioa baliagarria da gaur egun beste askok sufritzen duten ezinegona azaltzeko eta mahai gainean jartzeko.

Gai serioa da, ezbairik gabe, baina umorez janzten jakin izan duzuena...

Bizitza, umorerik gabe, oso aspergarria litzateke, eta Jon Maiak badu umorea lantzeko trebezia berezi bat. Kantetako asko negar egitekoak dira, baina beste batzuen helburua ikusleen irribarrea bistaratzea da.

2018ko azaroan argitaratu zenuten taldearen izen bera duen diskoa. Zer-nolako harrera izan du?

Oso pozik gaude jendeak eman digun erantzunarekin eta denbora gutxian taldeak izan duen zabalkundearekin. 2018ko abuztuan grabatu genuen diskoa, Arbizun. Piti duela 20 urtetik gora ezagutzen dut, eta Jon Maia duela lauzpabost urte. Oso harreman ona dugu, eta horri esker funtzionatu dugu ondo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak