Arrasateko EH Bilduk zinegotzien antolaketaren berri eman du

Imanol Beloki Unamuno 2019ko uzt. 22a, 18:12

Arrasateko EH Bilduk agintaldian izango duen antolaketaren berri eman du gaur egindako prentsaurrekoan. Maider Morras izango da oposizio buru eta EH Bilduko taldearen bozeramailea, eta zinegotzi bakoitzak zein batzordetan hartuko duen parte adierazi du, besteak beste.

Herriari ahalik eta zerbitzurik onena emateko Udal legeak ematen dien aukera baliatuz, liberatu bat izango dutela adierazi dute Arrasateko EH Bilduko ordezkariek:  "Bere liberazioaren proposamena herri batzarrera eramango dugu. Esperientzia, herriarekiko ezagutza eta freskotasuna oinarri izanik, Arrasatear guztiontzako interesen alde lan egiteko perfila izango du pertsona honek", adierazi du Maider Morras EH Bilduko bozeramaileak. Gaineratu du, liberazio horren proposamena irailean jakinaraziko dietela herritarrei.

Liberazioa bitan zatitzeko nahia

Hasiera batean bi pertsona jardun erdian liberatu nahi zituztela ere adierazi du Morrasek, baina ez dela posible izan: "Zarautzen posible izan dena, zergatik ez Arrasaten? Borondate politikoa balego hemen ere posible litzateke. Jakina da gure borondatea elkarlanean aritzea dela. Ikustea besterik ez dago aurreko legealdian onartu ziren proiektuetako asko gure iniziatibetatik irten zirela. Eta harriduraz eta penaz jasotzen dugu Udal Gobernuak gurekin lan egin nahi ez izatea 4103 arrasatearren bozka dugula kontuan izanda".

Horren aurrean, Udal Gobernuak aditzera eman du EUDEL-en txostenak  eta udaletxeko idazkariaren txostenak jasotakoak ez duela onartzen liberazio zatikaturik. Baina, bigarren txosten horrek aipatzen du badagoela aukera bat udal karguen zatikako dedikazioa egiteko lehendakaritza, lehendakariordetza, delegazioak edo horrela eskatzen duten erantzukizunak edukiz gero.

Udaletxean lan egiteko "zailtasunak" izan dituztela ere gaineratu du EH Bilduko bozeramaileak: "alkate eta Gobernuko kideen soldaten igoerak eta EH Bilduri diru gutxiago esleitzea, datuak modu sesgatuan publikatzeak… honek ez du ez kooperazioa ez elkarlana errazten arrasate moduko udaletxe batean".

Horrekin batera, EH Bilduko zinegotziek interes publikoak interes pertsonalen gainetik jarriko dituztela zin egiten dutela adierazi du Morrasek, eta beraien denbora, indarra eta gogoa arrasatear guztien interesetan irauliko dituztela.

EH Bilduko zinegotziek ondorengo batzordetan hartuko dute parte:

1. Obra eta zerbitzuak: Kepa Urteaga

2. Berdintasuna: Itxaro Artola

3. Hirigintza, ingurumena eta mugikortasuna: Aitor Zubiaga

4. Kirola: Fernando Okina

5. Barne antolaketa: Ogasunerako: Joseba Ezpeleta eta Pertsolalerako: Maider Morras

6. Garapen komunitarioa: Nerea Hernandez

7. Hezkuntza eta enplegua: Aitor Zubiaga

8. Kultura eta euskara: Kepa Urteaga

9. Tokiko merkataritza: Maider Morras

10. Bizikidetza: Larraitz Trojaola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak