Malvinetako azken etxe ilaratik badago mojen komenturantz doan bidezidor bat, eta haren hasieran dago aipatutako bunkerra. "Baserriko jabearen baimenarekin hasi ginen zaborrez betetako bunkerra garbitzen. Halako batean agertu zen bunkerrean aurreko hormaren zati handi bat barruan –1.000 kilotik gora duena–. Forma ikusita, segituan konturatu ginen paretak falta duen zatia hura zela; puzzle bateko pieza bat balitz bezala. Eta haren ondoan 50 milimetroko Valero mortero baten isatsa ere aurkitu genuen", azaldu du Garaik.
Bigarren lana makina baten laguntzarekin horma jasotzea eta hasierarako lekuan jartzea izan zen. Horma jasotzean, haren azpian agertu ziren bunkerreko sabaiaren zatiak, eta bala-zorroak ere bai. "Bunkerraren kanpoaldean arte handi bat dago, kamuflajerako baliagarria zena. Haren alboan 30 bala-zorro eta balaorrazi aurkitu genituen", azaldu du Oroimen taldeko Aitzol Azkarragak.
Hirugarren eta azken lana izan da aurreko horman falta zen zatia berreraikitzea. "Oroimen taldekoak gazte eta sasoitsu daude, eta eurek egin dute bunkerreko lan gehiena. Horma altxatzeko garabi txiki bat alokatu genuen, eta, ostean, igeltsero profesional batzuek lagundu digute jausitako horma zatia jatorrizkoan birkokatzen. Bunkerra atontzen aritu gara azken bizpahiru asteetan, eta nabarmendu nahiko nuke auzolanean egin dugula", azaldu du Garaik.
Batutako materiala
Bunkerrean aurkezpena egin ostean, Arrasate Zientzia Elkartearen lokalean orain arte batutako materiala aurkeztu dute. Gerra material ugari zegoen: balak, balaorraziak, gudarien gerriko zatiak, karlisten botoiak, obusak, obus metralleroak... eta horrez gain, baita nekazarien lanabesak, XV. mendetik XIX. mendera doazen txanponak, eta bestelako bitxikeria ugari.
Oroimen detekzio taldea
Oroimen detekzio taldeak ez darama denbora luzea lanean, baina tarte txikian gauza asko aurkitu dituzte.
Nolatan hasi zineten gerra arrastoen bila?
A.A: Metal detektagailuekin aritzeko gogoz geunden. Hala, duela urtebete, detektagailu merke-merke batzuekin hasi ginen; baina kaosa zen, edozer gauzarekin zarata ateratzen hasten zirelako. Lan asko, eta emaitza gutxi. Handik gutxira, nire lehengusu Hodei batu zitzaigun, aparatu sofistikatuago batekin, eta, gutxika, emaitzak azaltzen hasi ziren.
Ondo bilatzeko, historia ondo ezagutzea lagungarri izango da, ezta?
D.G: Bai, noski. Bilaketa emankorrak egiteko gogoz, gure kabuz hasi ginen informazio historikoa bilatzen eta irakurtzen. Gauza historiko asko aurkitzen genituen, eta, behin aurkituta, beti duzu gogoa horri buruzko ahalik eta informazio gehien edukitzeko. Hori da zaletasun honen alde politena.
"Lehertu gabeko obus bat aurkitzean esan genuen: 'Laguntza behar dugu"
Hastapen horietan, gauza xelebreak ere aurkituko zenituzten?
A.A: Aluminio-paper asko aurkitzen genuen. Intxortakoen lubakietan duela 80 urteko pote asko aurkitzen genituen. Baina irakurtzeaz bat leku hobeagoetara joaten hasi ginen.
Noiz pentsatu zenuten: "Uf! Aurkitu dugun hau potoloa da; goazen laguntza bila"?
D.G: Kurtzetxikin, adibidez, karlisten botoi bat topatu genuen. Handik gutxira, esplotatu gabeko obus bat, badaezpada udaltzainei eraman geniena. Hauek Ertzaintzari deitu zioten eta leherrarazi egin zuten. Orduan esan genuen: "Hobe dugu norbaiti laguntza eskatu". Arduragabe samarrak izan ginen hasieran.
Aurkitu duzuen altxorrik handiena?
A.A: Niretzako, gudarien gerriko baten belarria, ezin hobeto kontserbatuta baitago. Intxortakoen errekreazioa ikustera joan nintzen behin, eta erreplikak saltzen zituzten. Ia-ia bat erosi nuen, eta, handik gutxira, benetako batekin egin nuen topo.
Zenbat zarete taldean?
D.G: Hiru hasi ginen, eta orain, beste bost batu zaizkigu.