Hitzarmen eta enpresa berriarekin, "hobeto"

Xabi Gorostidi 2019ko uzt. 15a, 14:12

Etxez etxeko langileen kudeaketa daraman SSI kooperatibak egoitza inauguratu berri du Iturriotz kalean. Horren harira, langileak nola dauden jakin nahi izan du GOIENAk; lan gehiago dute, hobeto ordainduta, eta gustura daude SSIk ematen dien tratuarekin.

2018an zehar zeresan handia eman zuten Arrasaten etxez etxeko laguntza zerbitzua ematen duten langileek. Euren lan baldintzak hobetzeko eskatzeko, lau hilabeteko greba egin zuten, askotariko manifestazioekin eta kale agerraldiekin. Udal zerbitzua Clece izeneko enpresa azpikontratu baten bitartez eskaintzen zuen Udalak, eta enpresa horrekin zuten lau urteko kontratua uztailean bukatzen zen. Hura amaitzear zegoela hasi zituzten negoziaketak eta protestak, euren eskari nagusiak aintzat hartuko zituen lan hitzarmen propioa lortzeko.

Urrian, konponbidea

Clece enpresaren kontratua uztailean agortzen zen. Momentu hartan, langileek greban jarraitzen zuten, eta, salbuespen neurri bezala, hilabete bat gehiago luzatu zuten Clecerekin kontratua.

Karmele Loiti, langileen ordezkaria: "SSIrekin erlazioa askoz hobea izan da. Foru Aldundiko araudi hobetua aplikatzen digutenetik, lan gehiago dugu, eta hobeto ordaindutakoa".

Langileen eskariei men eginez, Udalak hiru konpromiso hartu zituen enpresa berri bati kontratua esleitzeko: erabiltzaileei ordaintzen duten tasa jaistea, zerbitzuaren lizitazio prezioa %35 igotzea eta zerbitzu berriaren esleipena gizarte ekonomiako enpresei mugatzea.

Urritik aurrera Clecek jarraitzeko asmorik ez zuela ikusita, SSI kooperatiba barruko Aurrerantz enpresa bilbotarrari eman zion Udalak etxez etxeko langileen kudeaketa, zerbitzua esleitzeko prozesua amaitu bitartean. Negoziaketak egin ondoren, SSIk aintzat hartu zituen langileen eskari nagusiak, eta hitzarmena sinatu zuten.

Karmele Acedo, SSI enpresako arduraduna: "Pertsonak zaintzen dituzten pertsonak gara. Hori da SSIren leloa. Kooperatiba bat gara, eta pertsona erdigunean izatea berez dugun balio bat da"

"Langileen ordezkariek, eta langileek, oro har, jarrera irekia izan zuten, eta horri esker akordioa lortu genuen urria amaitu baino lehen. Konfiantza izan zen horretarako gakoa", azaldu du SSIko arduradun Karmele Acedok. "Enpresa berriarekin erlazio askoz hobea izan da hasieratik. Kooperatiba bat dira, eta igartzen da pertsonekin duten tratuari garrantzi handia ematen diotela. Adibidez, Arrasaten bulego propio bat zabaldu izana langileei atentzio hobea emateko modu bat da. Orain, badugu nora jo enpresako ordezkariekin egoteko, bajak edo bestelako tramiteak egiteko... logistikoki aurrerapauso bat da guretzat, lehen telefono bidez komunikatzen baikinen", adierazi du langileen ordezkari Karmele Loitik.

Lana eta soldata, gora

2018ko urtarrilean, Foru Aldundiak araudi berri bat onartu zuen, eta zerbitzua SSIk hartu bezain pronto horren onurak aplikatzen hasi zitzaizkien langileei. "Lehen, ezin genezakeen asteburutan lan egin, eta, araudi berriarekin, urteko 365 egunetan lan egin dezakegu. Horrez gain, pazienteko bi ordu izatetik lau ordu izatera pasa gara. Hala, langileon okupazioa asko igo da, eta lau langile gehiago kontratatu dituzte. Lan gehiago dugu, eta hobeto ordainduta".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak