Jose Antonio Altuna 'Txatillo'
"Lasai ospatzen ditut San Juan jaiak; egunez ibiltzen gara, eta salbera joateko ohitura dut. Dena den, gazteak ginenean egon osoa pasatzen genuen kalean, lagunekin. Zezenetara joaten ginen, kaleko giroaz gozatu. Orduan ere ez ginen ordu txikietan ibiltzen. Orain, festak asko ospatzen dira gauez; lehen, baina, egunez ospatzen ziren sanjuanak. Lehen egunak izaten dira gehien gustatzen zaizkidanak, bezpera eta San Juan eguna".
Edurne Elkoro
"Egia esanda, umearen bueltan pasatzen ditugu San Juan jaiak. Bezperan hasita, errementari dantza ikustea gustatzen zaigu, herriaren ikurretako bat dela uste dut. Gero, San Juan egunean erraldoi eta kilikiekin ibiltzen gara, kalejiran. Orain, egun handia haurrena da guretzat; goizean jolas parkean ibili, Eguzkilarurekin dantza pixka bat, eta arratsaldean Pirritx eta Porrotxen emanaldia ikustera joango gara aurten".
Leire Estevez
"Lagun artean egoteko egunak dira niretzat, elkarrekin topo egitekoak. Kalean ibiltzen gara gau eta egun, giro ederra egoten da. Batzuetan, aspaldi ikusi gabeko lagunekin elkartzen gara, bazkariak egiten ditugu. Bereziki, San Juan bezperako gaua gustatzen zait, une hunkigarria da: dantzak, suak... Badu esanahi berezi bat Arrasateko herriarentzat, bere historiaren zati txiki bat dela esango nuke".
Julen Barrutia
"Aurten, barra atzean egotea tokatuko zait; hortaz, lanean pasako ditut San Juan jaiak. Lan handia egoten da egun hauetan eta festak bizi izateko beste modu bat ere bada. Herriko girorako ezinbestekoa da gure lana. Bestela, lagunekin gozatzea da jaietan gehien gustatzen zaidana; San Juan bezperan, batez ere. Lehen eguna gogotsu hasten dugu beti: herri bazkaria, makalaren igoera... kuadrillan ospatzeko eguna izan ohi da".
Enrike Dolara
"Gaiteroek egun osoa pasatzen dugu kalean San Juan jaietan: bandarekin jotzen dugu, errementari dantzan, diana, zezenak, erraldoi eta kilikiekin... Lan pixka bat egitea tokatzen zaigu, baina pozarren ibiltzen gara. San Juan eguna izaten da politena; lan gehien dugun eguna izaten den arren, oso berezia izaten da. Horrez gain, lagunekin eta familiarekin disfrutatzeko uneak izaten dira, bazkari eta afariak egitekoak".
Karmele Iparragirre
"Gehien gustatzen zaidan eguna San Juan bezpera izaten da, orduan egoten da giro polita herrian. Dantzak ikustera joaten gara, eta kontzertuetara. Musikazalea naiz, eta bertan ere jende dezente ibiltzen da. Monterrongo musika emanaldia ez dut inoiz galtzen, paraje ederrean egoteak ere badu bere xarma. Errementari dantza ere gure ekintza kuttunenetakoa da, beti ikusten dugu".