Eguzkilaru eguneko egitaraua aurkeztu du Txatxilipurdik

Jone Olabarria 2019ko eka. 19a, 17:05

Txatxilipurdiko kide eta herritarrak Eguzkilaru eguneko aurkezpenean

Ekainaren 25ean egingo du haur eta gaztetxoen eguna Txatxilipurdik eta iaz bezala, nerabeentzat eskaintza handitu nahi izan dute.  Hala, gaur aurkeztu dute Eguzkilaru eguneko egitaraua, hiru gunetan banatuta; bi jolas gune haurrentzat, eta gaztetxoentzat bereziki prestatu duten Gaztelaru gunea.

Egitarau oparoa osatu nahi izan du aurten Txatxilipurdik, baina haurrak soilik ez, gaztetxoak ere izan dituzte gogoan ekintza guztiak prestatzeko orduan. Iaz bezala, nerabeentzat eskaintza handitu nahi izan dute, izan ere "jada hain txikiak ez direnentzat hutsune bat nabari genuen". Hortaz, Kulturate atzeko plazatxoan leku bat eskaini die Txatxilipurdik gaztetxoenei, eta eguerditik hasita ekintzaz beteriko egitaraua prestatu dute bertan.

Gazte kedadarekin hasiko dute eguna, 12:00etan Biteri plazan eta bertan, Azoka plazan egingo den Zeuk eiñ zeuk jan bazkarirako prestaketa lanetan arituko dira. Bazkalostean, 16:00etan bildu eta gunearen montaketari ekingo diote gazteek, 17:00etarako antolatu dituzten tailer, DJ eta scooter erakustaldirako dena prest egon dadin. 18:00etan Gazte Tentsioa irratia emitituko dute, ordu erdiz. Egunari amaiera emateko, kontzertuak egongo dira 18:30ean hasita; Rebel Noise eta Miren eta Naroa arituko dira taula gainean.

Eskaintza zabala haurrentzat

Etxeko txikienen kasuan, 10:00etatik 14:00etara, Biteri plazan eta Monterronen antolatu dituzte haurren jokoak. Aurten, Aspacerekin eta Auzokorekin elkarlanean hainbat ekintza egingo dituzte; esate baterako, saskigintza ikastaroa Biterin. Gune bakoitzak jolas mota bati emango dio garrantzia; Biteriko plazan makedo tailerra, armiarma sarea, mural geometrikoak, puzgarriak eta aurpegi margotzea egingo dituzte.

Monterronen kasuan, naturarekin harremana "indartu" egin nahi izan dute eta jolasen gune bilakatu dute herriko naturgunea: "Tirolinak, oihaletatik zintzilikatzeko aukera, ur zirkuitua eta  kirola naturan bultzatzen duten ekintzak egongo dira". Eguzkilaruk ere ez du hutsik egingo, eta 12:45ean makal txikiaren igoera irudikatuko dute umeek Biteriko plazan. Jarraian, apar festan freskatzeko aukera egongo da. Arratsalderako, Monterronera bueltatuta, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Musua ikuskizuna antolatu dute.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak