Iñigo San Vicente: "Ezin da jakin zer nahiko duten ikusi epaileek"

Jone Olabarria 2019ko eka. 18a, 10:30

Iñigo San Vicente, iazko argazkia atera zuen leku zehatzean.

San Juanen magia lanarekin lortu zuen IV. Sanjuanetako Artgazki lehiaketan lehen postua San Vicentek. Ia 50 irudiren artean berea aukeratu zuen epaimahaiak.

San Juan apostoluari atera nahi izan zion argazkia iaz Iñigo San Vicentek (Arrasate, 1963). Eguzkia arkupean sartu eta irudia argiztatzen duen une zehatza aukeratu zuen betikotzeko. Hala, herriko patroiari eman nahi izan dio garrantzia, eta San Juanen magia izenburuarekin izendatu du bere lana. Izan ere, San Vicentek azaldu duenez, sanjuanek irauten duten bitartean baino ez omen da posible, eguzkiak bere "magia" egin ostean, irudia argiztatuta ikustea.

Iaz lehen saria eskuratu zenuen, baina ez da parte hartzen duzun lehen aldia.

Hasiera-hasieratik ibili naiz Artgazkik antolatutako lehiaketetan, ez bakarrik sanjuanetakoan. Elkarteko kide ere banaiz eta urtean zehar egiten direnetara aurkeztu ohi ditut lanak. Jaietako edizioan, iaz ez ezik, 2017 eta 2016an ere neure argazkiak saritu zituen epaimahaiak.

2018an saritutako lanari dagokionez, nola erabaki zenuen argazki hori aurkeztea?

Ez dut ondo jakiten zein argazki aurkeztuko dudan azken unera arte. Iazko kasuan, buruan bueltaka nuen irudi bat zen, baina faktore zehatz batzuek bat egin behar zuten; hasteko, sanjuanetan baino ez da sartzen argia arkuperaino, ordu jakin batean soilik, eta, gainera, oskarbi egon behar du. Iaz izan nuen aukera.

Hortaz, argazkien bila joaten zara edo kalean, ezustean, topatzen diren uneak nahiago dituzu?

Momentuaren araberakoa da; aurreko urtean bila joan nintzen, baina, adibidez, duela bi urte, argazkiarekin topo egin nuela esango nuke. Orduan, haurrak erraldoien artean zebiltzan jolasean, polita iruditu zitzaidan eta haur bat harrapatu nuen, gaiztakeriaren bat egiten ibiliko balitz bezala, erraldoi barnetik irteten zen unean.

Nola definituko zenuke zeure estiloa, argazkilaritzari dagokionez?

Ez dakit estilo finko bat dudan. Naturako elementuak betikotzea gustatzen zait; perretxiko eta onddoak, esaterako, gauza txikiak. Paisaiekin ere ibili nintzen denboraldi batez, gustatzen zaizkit. Dena den, denboraldiaren araberakoa izaten da. Horretaz gain, ez nuke esango beti berdin ateratzen ditudanik argazkiak, momentuak eskatzen didanaren arabera egiten ditut.

Lehiaketa abian dagoen bitartean kamera eskuan ibiltzen zara kalean; gero, etxean azken ukituak ematen dizkiozu argazkiari...

Bai; San Juan jaietan argazkien bila ibiltzen naiz, handik eta hemendik, ea zerk harritzen nauen edo une hunkigarriren baten bila. Gero, etxean, argazkiaren beharren arabera ematen diot ukituren bat edo beste, baina ez gehiegi, naturalak gustatzen zaizkit. Apostoluaren kasuan, ia atera zen bezala aurkeztu nuen epaimahaiaren aurrean.

Zer baloratzen du gehien epai-mahaiak irabazlea aukeratzerakoan?

Zaila da jakitea. Urtero lau kide ezberdinek osatzen dute, eta ez dute zertan argazkilaritza munduarekin zerikusirik izan. Nire esperientzian oinarrituta, lan oso ezberdinak aurkeztu izan ditut eta epaileek saritu egin dituzte. Zalantza barik, argazkiak originala behar du, freskoa. Nire ustez, egilearentzat gustukoa den lanaren aldeko apustua egin behar da, hor dago gakoa. Gainerakoa ez dago gure esku.

Aurten V. edizioa izango da; baduzu aurkezteko intentziorik?

Pila bat urte daramatzat argazkilaritzaren mundu honetan sartuta eta aurten ere lanen bat aurkezten saiatuko naiz. Momentuz, ez dut ezer pentsatu. Sanjuanek irauten duten bitartean arituko naiz une polit baten bila.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak